Piaspe proiektu eolikoa

Jon Zayas: "Autokontsumoa ez da nahikoa, eta parke eolikoak behar dira"

Ihintza Elustondo 2022ko ira. 30a, 09:00

Jon Zayas. (Statkraft)

Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean Statkraft enpresak egin asmo duen Piaspe zentral eolikoaren zuzendaria da Jon Zayas (Irun, Gipuzkoa, 1992). Proiektuaren gaineko xehetasunak eman ditu.

Piaspe proiektuaren barruan, bost haize errotak osatutako parkea eraikitzea aurreikusi du Statkraft enpresak. Non kokatuko dira errota horiek?

Lehenik esan behar da hasierako azterketen fasean gaudela, eta momentuz, ez ditugula neurketak egin mendi tontorrean. Aurrena, neurketa dorrea jarri behar dugu, eremu horretan dagoen baliabide eolikoa neurtzeko eta jakiteko zer-nolako ezaugarriak dituen. Hala ere, hasierako proposamen bat daukagu haize erroten kokalekua zehazteko, baina neurketa kanpaina bukatu arte gune horiek ez dira finkoak izango. Proposamen horren arabera, hiru aerosorgailu Azpeitian kokatuko lirateke, eta beste biak Zestoa eta Errezil artean.

Zer dela-eta aukeratu duzue kokaleku hori?

Gure datu baseen arabera, baliabide eolikoa oso ona da gune horretan. Gainera, eremua ez dago Europako Batasunak babestu beharrekotzat dituen Natura 2000 sarean, eta beraz, ingurumenari dagokionez, aproposa da parke eolikoa egiteko. Era berean, oso gertu dago Lasaoko azpiestazio elektrikotik, eta hara eramango dugu energia.

Zer neurri izango dituzte errotek?

Haize errotek dimentsio handiak izatea proposatu dugu, teknikoki nahiz ingurumenari dagokionez, kasu kritikoenak aztertzeko. Behin kasu kritiko horiek aztertuta, prest egongo ginateke proposatutako tamainak murrizteko; malguak izango gara horretan. Kontuan izan behar dugu Euskal Herrian duela hamabost urte edo gehiago instalatu zituztela azken haize errotak, eta horiek, batez beste, ehun metroko altuera dute. Dena den, azken hamabost urteotan asko aurreratu da teknologia, eta gaur egun instalatzen diren haize erroten tamaina, gutxi gorabehera, gu proposatzen ari garena da: batez beste, 205 metroko altuera eta 170 metroko diametroa izango dituzte. Orain artekoen bikoitzak izango lirateke.

Zenbat energia sortuko dute?

Momentuz, garaiz da datu hori emateko, baina egindako ikerketak kontuan izanda, 24.000 biztanle elektrizitatez hornitzeko gaitasuna izango luke proiektuak gutxi gorabehera.

Aipatu duzu Lasaora bideratuko duzuela zentral eolikoan sortutako energia. Zer bide jarraituko du handik aurrera?

Energia ekoiztean, sare elektrikora joango da. Ondoren, sareak ziurtagiri moduko bat ematen digu parke eolikoan zenbat energia sortzen den ziurtatzeko. Ziurtagiri horrekin, saretik berbideratzen dugu guri dagokigun energia, industriaren edo biztanleriaren beharrak asetzeko. Prezioak ez dira aldakorrak izango, eta hori izango da lortuko den etekin nabarmenena. Zuzenean saretik kontsumitzen baduzu, merkatuaren eta haren aldakortasunaren menpe zaude. Guk proposatzen duguna da aldakortasun hori murriztea eta prezioak merkeagoak izatea.

Nola banatuko da zentralean sortutako energia?

Iaz hasi ginen proiektua aztertzen, alor ezberdinetan ikerketak egiten, eta udaletara joan ginen proposamenarekin. Badakigu proposatzen ari garena oso gauza berria dela industriarako, eta udalen ikuspuntua behar genuen proiektua aurrera eraman ote genezakeen jakiteko. Hori jakinda, gu irekita gaude energia sozializatzeko, jendaurrean hitz egiteko eta herritarren ikuspuntuak jakiteko, beraiek izango direlako energia hori kontsumituko duten lehenak. Beste hanka bat Euskadiko industriarena izango litzateke; inguruko enpresak energiaz hornitzeko balioko luke proiektuak. Horrez gain, Euskadiko gobernuak, Energiaren Euskal Erakundearen bidez, proiektuan parte hartzeko modua izango luke.

Proiektua hasierako fasean dago une honetan, eta azterketak egiten ari zarete. Zenbat denbora beharko duzue azterketa horiek egiteko, eta nork ordainduko ditu?

Azterketa guzti-guztiak Statkraft enpresa ari da ordaintzen. Normalean, urtebete eta urte eta erdi bitartean irauten dute mendi tontorreko azterketek.

Ikerketa horiek emaitza onak ematen badituzte, proiektua martxan jartzen hasiko zarete, ezta?

Dena ondo baldin badoa, 2026 bukaerarako edo 2027 hasierarako martxan jartzea da asmoa.

Norvegiako energia enpresa publikoa da Statkraft, eta Euskal Herrian bi zentral eoliko jartzeko proiektuak ditu esku artean. Zergatik Euskal Herrian, eta zergatik orain?

Euskal Herrian, baliabide eolikoa oso aproposa delako. Eta orain, energiari dagokionez, inportatzailea delako Euskadi; industria ugari daukagu, eta behar energetiko handia dago. Industrian ari direnek ondo dakite Ukrainako gerraren ondorioz izan ditugun energiaren prezio aldaketak ezin ditugula jasan luzaroan. Oso garrantzitsua da energetikoki independenteak izatea; horregatik dira horrelako proiektuak hain beharrezkoak.

Gaur arte, zer harreman izan duzue erakunde publikoekin?

Urte hasieratik ari gara udalekin harremanetan; proiektuak aurkeztu dizkiegu, eta haien bideragarritasuna ikusten ari gara elkarrekin. Horrez gain, Energiaren Euskal Erakundearekin ere bilera asko izan ditugu. Erakundeek ia hasieratik dakite azterketak egiten ari garela proiektuek etorkizuna duten edo ez jakiteko. Orain da proiektuek etorkizuna dutela ikusten dugun unea, eta energia kudeatzeko azterketekin hasi gara. Horretarako, biztanleria behar dugu; izan ere, beren ikuspuntua zein den jakin nahi dugu, komunitate energetikoak nola egituratu ikusteko.

Erakundeetan ordezkaritza duten alderdiek harrera ona egin diote zuen asmoari. Horrek zer esan nahi du zuentzat?

Euskadin aurrez ikusi gabeko zerbait da hori. EAJk eta EH Bilduk ikusi dute proiektuek ez daukatela kolorerik eta oso garrantzitsuak direla euskal herritarrontzat. Behar energetikoari erantzutea guztion lana da, eta elkarrekin arraun egin behar dugu.

Piaspe zentral eolikoaren aurkako talde bat sortu da Azpeitian: Sañu Bizirik izena jarri diote, eta ehun lagun inguru joan ziren lehen bilerara.

Urriaren 11n Azpeitian egongo gara haien beharrak eta kezkak entzuteko. Pentsatu behar dugu nola ekoiztu nahi dugun energia; ikusi da autokontsumoa ez dela nahikoa eta parke eolikoak behar ditugula Euskadi independentea izan dadin energia ekoizterakoan.

Talde horretako kideek diotenez, "natura suntsitu" aurretik, badira "beste alternatiba" batzuk.

Guk ez dugu horrela ikusten; ez dugu natura suntsitzen. Statkraft enpresak garatzen dituen proiektu guztietan naturak lehentasuna dauka. Sekulako ingurumen azterketak egiten ditugu proiektuak martxan jarri aurretik, eta kasu honetan ere hala egiten ari gara. Azterketak dagoeneko eginda dauzkagu, eta horietan jasotzen da naturaren aldetik ez dagoela arazorik. Noski, aukeratzen ditugun irtenbide guztiek izango dute eragina; kasu honetan, ezin da ezkutatu paisaian duen inpaktua. Baina proposamen bat mahai gainean jartzen dugunean, beti izango ditu onurak eta desabantailak, eta horiek balantzan jarri eta aukeraketa bat egin behar da. Horretaz hausnartu behar dugu.

Azpeitiko Udalak proiektuaz azalpenak emateko batzarra deitu du urriaren 11rako. Han izango al zara?

Bai, ni izango naiz aurkezpena egingo duena, eta enpresako beste kide batzuk ere han izango dira.

Hedabideek ez dute bilera horretara joateko aukerarik izango. Zergatik?

Bilera udalarekin ari gara kudeatzen, eta beraiek, momentuz, horrela izan dadin nahi dute. Ikusi egin behar da ea azkenean horrela egingo den edo batzarra baino lehen prentsa erronda bat egingo dugun, baina gu prest gaude ­gardenak izateko eta jende guztiarekin hitz egiteko. Azkenean, hedabideak zarete informazioa guztion eskura jartzen duzuenak, eta zentzu guztia dauka zuekin batzar horretan edo aurrerago egoteak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide