Joseba Lizarralde: "Arerioek Azkoitiko kantxa zailtzat hartzea nahi dugu"

Nerea Uranga 2022ko ira. 29a, 11:00
Joseba Lizarralde Domusa Teknik ISBren entrenatzailea "gogoz" dago liga hasteko. (Argazkia: Nerea Uranga)

Hemeretzi urtez ari da Iraurgi saskibaloiko entrenatzaile Joseba Lizarralde Rubio. Denboraldi berrian, emakumeen talde nagusiaren gidari ariko da. Etzi, zapatua, hasiko dute liga Azkoitiko kiroldegian, Zamoraren kontrako neurketarekin.

Zapatuan, urriaren 1ean, hasiko du denboraldi berria Espainiako emakumeen Challenge Ligako Domusa Teknik ISBk. Etxean, Azkoitiko kiroldegian, jokatuko du neurketa, Zamoraren kontra, 17:00etan. Sasoi berria entrenatzaile berriarekin estreinatuko du taldeak, Joseba Lizarralde Rubiorekin (Azpeitia, 1967).

Andoni Lazkanoren, beste azpeitiar baten, lekukoa hartu duzu ISBren emakumeen lehen taldea entrenatzeko. Gogoz?
Bai, gogoz heldu diot erronkari. Aukera eskaini zidatenean sorpresa hartu nuen, eta zalantza batzuk eduki nituen hasieran. Iaz infantil mailako 13 urteko nesken taldea entrenatzen jardun nuen, eta noski, nahiz eta urte asko daramazkidan entrenatzaile, infantiletatik lehenengo taldera alde handia dago, eta pixka bat hausnartu egin nuen erabakia hartu aurretik. Ilusioa egiten zidan, ordea, eta egunez egun ilusio hori areagotuz joan zen. Baina erronka polita da, eta aurrera egitea erabaki nuen.

Bestelako ardura bat eskatuko du talde nagusia entrenatzeak, ezta?
Zalantzarik gabe, ardura handiagoa da. Talde nagusiarekin astean lau entrenamendu egiten ditugu; asteazkena libratzen dugu. Horrez gain, etxean jokatzen dugunean larunbat arratsaldea lotuta izaten dugu, eta partida kanpoan dugunean, bidaiatzea tokatzen da. Horrez guztiaz gainera, buru buelta asko izaten da: zer hobetu behar dugun, non ari garen huts egiten... Dena den, nik nahi nuen entrenatzaile taldea osatu dugu, eta alde horretatik, oso gustura nago. Kadeteen mailako Euskadiko Selekzioarekin ibili garen hirukotea gara: Asier Larrañaga, Xuban Etxeberria eta ni. Asier eta Xuban azpeitiar gazteak dira, Iraurgiko jokalari izandakoak eta urte batzuk daramatzatenak entrenatzaile. Biak oso gustura eta motibatuta ikusten ditut lanerako. Horiez gainera, delegatu eta taldearen antolaketa lanean aritzen diren Josu Garmendiaren eta Jose Manuel Gurrutxagaren lana ere ezinbestekoa da. Denok gara azpeitiarrak, talde polita osatzen dugu, eta oso gustura nago.

Dagoeneko osatu duzue jokalarien taldea. Aldaketa asko izan al da?
Taldea betiko helburuarekin osatu dugu: herritarrak lehenetsiz, gero gipuzkoarrak, eta ondoren, kanpokoekin hutsuneak betez. Aurreko denboralditik oso aldaketa gutxi izan dira taldean, baina kanpotik etorriko diren hirurak berriak dira: Espainiako Ana Faussurier eta Portugalgo Josephine Filipe. Biak iaz Nafarroako Zizurko Ardoi taldean aritu ziren. Kanpotik etorri den hirugarrena New Yorkeko Brooke Bjelko gaztea da. Horiez gainera, Juana Molinak taldean jarraituko du: Galdakaon [Bizkaia] bizi da, 31 urte ditu, baina oso motibatuta dago saskibaloian jokatzeko, eta esperientzia handiko jokalaria da. Bertakoen artetik, iaztik ez dagoena Alazne Larrea da. Ainara Iturralde azpeitiarrak, berriz, lehen taldera igo da. Beheko taldeetako Maria Otaegik eta Paula San Juanek talde nagusiarekin entrenatuko dute, eta juniorra den Doltza Oiarzabalek ere gurekin egingo du astean entrenamendu bat. Oso gustura nago taldeak hartu duen itxurarekin.

Zer helburu du Domusa Teknik ISBk denboraldirako?
Taldearen helburua bitan banatuko nuke. Helburu orokorra maila mantentzea da. Ikusiko dugu ligan zer-nolako maila dagoen, baina denboraldia hasi aurretik maila oso ona dagoela esango nuke. ISBk aurreko denboraldian justu-justu heldu zion mailari; sailkapeneko azken hirugarren postuan gelditu zen, eta azkeneko biak mailaz jaitsi ziren. Helburu orokorraz gainera, beste helburua partidatik partidara jarriko nuke: neurketa bakoitzean lehiatzea eta lehiakorrak izatea nahiko nuke, nahiz eta gero galdu ala irabazi. Ligan badira oso onak diren talde batzuk, eta ez nuke nahi partidako lehen hamar minutuetarako neurketa erabakita egotea. Borrokatu egin behar dugu, eskuak sekula ez jaitsi eta kontziente izan, zailtasunak zailtasun, aurrera egin behar dugula. Etxean jokatzen ditugun partidetan, kanpotik etortzen diren taldeek Azkoitiko kantxa zailtzat har dezaten lortu behar dugu.

Zapatuan jokatuko duzue ligako aurreneko partida, etxean, Azkoitiko kiroldegian.
Bai, Zamoraren kontra.

Eta?
Puf, hasteko... Igotzeko faborito nagusienetako bat da Zamora. Esango nuke Ferrol eta Zamora direla gure ligan mailaz igotzeko faborito nagusiak. Arerio oso gogorrarekin hasiko gara, baina ilusioz gaude ligari ekiteko, eta etxean jokatuko dugu. Agian, partida galdu egingo dugu, baina sentitu dezatela herri eta kantxa gogor batera etorri direla; nahiz eta haiek hobeak izan, irabazteko lanak ematen saiatu behar dugu. Azkenean, ligako talde denen kontra jokatu behar dugu, eta faboritoak bi talde direla pentsatu arren, gero beti egoten dira ezustekoak, onerako eta txarrerako. Guk onerako ezusteko horietako bat izaten saiatu behar dugu. Zoragarri ari gara entrenatzen, gozatzen ari gara. Kontzeptu berriak sartzen ere ari gara, eta ea horiek kantxara eramaten ditugun.