Piaspe proiektu eolikoa

Statkraft, Iberdrola eta eolikoen premia

IƱaki Petxarroman (Berria) 2022ko ira. 28a, 14:17

Statkraft enpresak Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurretan egiteko asmoa duen zentral eolikoaren harira, honako analisi hau idatzi du Iñaki Petxarroman kazetariak Berria egunkarian.

Euskal Herrian energia berriztagarrien proiektuen berreskuratzeak itxi gabeko zauri batzuen orbainak irekitzeko arriskua dakar. 2000ko hamarkadan, hainbat parke eoliko martxan jarri zituzten Hego Euskal Herrian, erakundeek bultzatuta. Urte gutxiren buruan, ohikoa bihurtu zen inguruko mendietan haize errotak ikustea. Ohikoa bai, baina kritikak ez ziren falta izan. Kontrakotasun hori eta energiaren deskarbonizazioari artean ematen zitzaion garrantzi urria nahikoa izan ziren egitasmo eoliko batzuk baztertu eta Euskal Energiaren Erakundearen begiak beste helburu batzuetan jartzeko, besteak beste, Arabako gasaren ustiaketan. Horrenbestez, 2020an sortutako energia elektrikoaren %5,2 jatorri eolikokoa zen EAEn. Nafarroan, berriz, mix elektrikoaren energia nagusietan bigarrena zen eolikoa, %36,9ko kuotarekin.

2000ko hamarkadatik hona, asko aldatu da klima aldaketari begiratzeko modua, eta erregai fosilak merke eta erruz lortzen ziren garaia badoa. Deskarbonizazioa eta gizarteak energia fosilarekin duen menpekotasuna gainditzea ez da bakarrik beharrezkoa: presazkoa ere bada orain. Proiektu berriztagarrien olatua apar horiekin dator, premia eta irismen handiagoarekin, eta, besteak beste, Statkraft Norvegiako multinazionalak testuinguru horretan proposatu ditu bi proiektu eoliko Gipuzkoarako.

EH Bilduk eta Azpeitiko Udalak berritasunak ikusi dizkiete proiektuei, eta aztertzeko prest azaldu dira, "eredu aldaketa bat" ekar dezaketelakoan. Eragile batzuek "berritasunak" EH Bilduren jarreran ikusi dituzte, iraganean ezker abertzaleko udalek mendietako proiektu eolikoak gaitzetsi izan dituztelako.

Izatez, erakundeen txostenek aitortu izan dituzte mendietan halako azpiegitura industrialak ezartzeak ekartzen dituen kalteak, paisaian, biodibertsitatean, lurzoruetan, abeltzaintzan... Alde horretatik, kontraesana agerikoa da: ustez ingurumenaren alde eraikitzen den proiektu batek zergatik ekarri behar du horrenbeste albo kalte naturara?

Jarraitu analisia irakurtzen Berria egunkariaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide