Partida azkarren Gipuzkoako bakarkako xake txapelketa herrian jokatuko da hilaren 24an

Mailo Oiarzabal 2022ko ira. 14a, 15:13
Xake taula eta piezak.

Azoka Plazan egingo dute, 16:00etan hasita. Gipuzkoan federatutako edozein jokalarik eman dezake izena txapelketan, hilaren 22a baino lehen. Bestetik, irailaren 26an ekingo die Azpeitiko xake taldeak ikasturte berriko ikastaroei, eta horietan izena emateko aukera ere zabalik dago.

Xakezaleek hitzordua izango dute Azpeitian iraileko azken larunbatean. Egun horretan, hilak 24, partida azkarren Gipuzkoako bakarkako xake txapelketa jokatuko dute Azoka Plazan, 16:00etan hasita.

Gipuzkoako Xake Federazioan lizentzia aktibo duen edonork har dezake parte txapelketan. Lehiatu nahi dutenek, hori bai, aurrez eman behar dute izena, hilaren 22a baino lehen xake@fgajedrez.org helbide elektronikora idatzita; parte hartu nahi dutenek mezuan beren izen-abizenak ematea nahikoa izango dute. Xakeko federatu lizentzia atera nahi dutenek, berriz, badute horretarako aukera federazioaren fgajedrez.org webgunean.

Jokoaren oinarriei dagokienez, jokalari bakoitzak hiru minuturekin hasiko ditu partidak, eta hasierako denborari mugimendu bakoitzeko bi segundo gehituko zaizkio. Oraindik zehaztu gabe dago zenbat partida jokatuko diren txapelketan, izena ematen duen xakelari kopuruaren arabera antolatuko baitituzte neurketak.

Ikastaroak, hastear

Bestetik, Azpeitiko xake taldeak iragarri du hilaren 26an hasiko dela ikasturte berriko xake ikastaroak ematen. 18:00etan jarri dute lehen egun horretarako hitzordua klubaren lokalean, Baigera I-eko laugarren solairuan. Astearte eta ostegun arratsaldetan hasiko dira ikastaroetako saioak ematen, "baina talderen bat osatuz gero, beste egun eta ordutegi batean" eman ditzakete saioak.

Xake taldekoek gogoratu dute ikastaroak doan direla eta edozein adinetako jendeak har dezakela parte saioetan. "Ikastaro haeutan xakearen oinarrizko kontzeptuak erakutsiko dira, piezen mugimenduak, oinarrizko xake mateak eta abar", azaldu dute taldekoek".

Ikastaroen gaineko informazio gehiago behar dutenek edota izena eman nahi dutenek hiru bide dituzte:  Baigera I-eko laugarren solairuko lokalera jo dezakete 18:00etatik aurrera, 665 70 05 01 telefono zenbakira dei dezakete, edo urangajedrez@gmail.com helbide elektronikora idatz dezakete.