Iñaki Segurolaren heriotza

Iñaki Segurolak hil aurretik idatzitako liburua, argia ikustear

Ihintza Elustondo 2022ko ira. 13a, 10:32
Iñaki Segurola. (Ihintza Elustondo)

Iñaki Segurolak liburu bat utzi zuen idatzita hil aurretik, eta orain, edizio prozesua amaituta, irailaren 30ean aurkeztuko dute, Donostian. Ganorexia izena du lanak, eta Segurolarenak diren hainbat gai ageri dira bertan.

Joan zen apirilaren 15ean hil zen Iñaki Segurola Ogrue (Azpeitia, 1962) idazlea, filologoa eta hiztegigilea. Hil aurretik, baina, liburu bat utzi zuen idatzita, eta orain, edizio prozesua amaituta, Alberdaniarekin argitaratu dute lana: Ganorexia (Alberdania, 2022). Irailaren 30ean egingo dute haren aurkezpena Donostian, Konstituzio plazako Udal Liburutegiko bigarren solairuan, 12:00etan. 

Segurolak idatzitako testuen gordetzaile lanak egin ditu urteetan haren emazte Garbiñe Larreak, eta hark zituen jasota Segurolaren azken laneko testuak ere. Orain, hura arduratu da liburuaren edizio prozesuaz, eta hari elkarrizketa egin dio Peru Iparragirrek Elkar aldizkarirako. Honako hau nabarmendu du, besteak beste, Larreak elkarrizketan: "Bereak diren gai asko ikusten dira Ganorexian: hizkuntzarena, etimologia, Euskal Herria, eliza… Badauka behar handi bat egurra ematekoa, bere kritikotasun garratz hori. Gai horietako asko dira motz gertatzen zitzaizkion formatuetan, Euskadi Irratiko sermoietan, adibidez, denboragatik garatu ezin zituenak. Hankak Lurrin irratsaioa ere berarentzat mina bat izan da. Nik ikusten diot berak zeukan ibilbide horretan atzera begiratzeko beharra ere, lehen idatzi izan dituenen inguruko hausnarketa egiten du, hor baditu damuak, autokritika egiten du, egurra banatzen ari denean bere buruari ematen dio lehenengo".