'Petare, Miren Egigurenen puskak' liburua plazaratu du Leire Ibargurenek

Ataria.eus 2022ko ira. 9a, 11:30

'Petare. Miren Egigurenen puskak' liburuaren aurkezpeneko irudia, Tolosan. Eskuinetik bigarrena da Leire Ibarguren. (Ataria.eus)

Ezohiko aurkezpena izan da, omenalditik gehiago izan du Tolosako kultur etxean egindako ekitaldiak. Miren Egiguren bidaniarraren bizitzaren puskak kontatzen dituen liburua jendaurrean aurkeztu dute Txalaparta argitaletxeak eta Emagin elkarteak, eta bertan izan dira Leire Ibarguren idazle azpeitiarra nahiz liburuko protagonista, Miren Egiguren.

Aretoa jendez lepo, senideak, lagunak, herritarrak, ezagunak eta gaian interesa dutenak. 46 urte Euskal Herritik urrun Venezuelan egin baditu ere, sorterrian sare handi bat duela argi utzi du Miren Egigurenek.

Leire Ibarguren idazle azpeitiarrak jarri dizkio letrak Egigurenek elkarrizketa ezberdinetan kontatutakoari, Bidaniako baserriko bizitza, gaztetako pasarteak Donostian, Venezuelan gero. Komunitateen antolakuntzan eta Caracaseko auzorik pobreenean, Petaren, irakasle izandako urteetan aurrera emandako proiektuak eta bidean ezagututako jendearen historiak bildu dira liburuan.

Ekitaldiaren amaieran, Egigurenek hartu du hitza eta euskara jator jatorrean, boladaz hika eginaz eta tarteka Venezuelako doinuan, 46 urtez han egon ostean Euskal Herrira itzultzeak suposatu diona azaldu du. Ez da samurra izan bere itzulera, baina barruan sortzen zaion indar horri esker, umorez kontatu du bere egunerokoa.

Liburuari bedeinkapena bere estiloan eman dio biloben laguntzarekin, Venezuelako bandera eta ikurriña elkar jositako oihala jarri ditu liburuaren bueltan eta bere bizitzaren puska handia han utzi duela adierazi du.

(Argazkia: Ataria.eus)