Herria gorriz koloreztatu da, Duchenne gaitzaren kontzientziazioaren alde

Ihintza Elustondo 2022ko ira. 8a, 10:38

Duchenne Gaixotasunaren Kontzientziaziorako Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta elkarretaratzea egin zuten arratsaldean plazan. Herriko ikastetxeek ere bat egin dute egunarekin.

Duchenne Gaixotasunaren Kontzientziaziorako Nazioarteko Eguna izan zen atzo –irailak 7–, eta aldarrikapen horrekin bat eginez, hainbat lagunek elkarretaratzea egin zuten plazan, 19:00etan hasita. Azpeitian bada Duchenneren giharretako distrofia duen herritar bat –Iren Reyes–, eta haren senitartekoek egin zuten bertara agertzeko deia. Gorria da Duchenne gaitzaren kolorea, eta beraz, gorriz koloreztatu zuten plaza, kamiseta gorriak soinean nahiz kolore bereko puxikak eskuetan zituztela.

Era berean, herriko ikastetxeek ere bat egin dute atzoko egunarekin; besteak beste, pankartak egin zituzten Iraurgi Ikastetxean, eta gaur gorriz jantzita joan dira Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko ikasleak. Reyesen senitartekoek eskerrak eman dizkiete egunarekin modu batera nahiz bestera bat egin duten guztiei.