Historia eta ongizate emozionala lantzeko ikastaroak antolatu ditu Azpeitiko Udalak

Ihintza Elustondo 2022ko ira. 7a, 14:29
Ongizate emozionala landuko dute ikastaroetako batean. (Pixabay)

Ikasturte berriari ekiteko, bi ikastaro antolatu ditu udalak: literatura, artea eta historia landuko dituzte batean, eta ongizate emozioanala nahiz autozainketa bestean. Dagoeneko eman daiteke izena.

Ikasturte berriari ekiteko, bi ikastaro antolatu ditu Azpeitiko Udalak. Batetik, literatura, artea eta historia lantzeko ikastaroa izango da. Tailer hori aurrez ere eman izan dute, eta haren harrera ona ikusirik, berriz antolatzea erabaki dute. Bestetik, ongizate emozionala eta autozainketa lantzeko ikastaroa izango da.

Literatura, artea eta historia ikastaroan, XIX. eta XX. mendeko artea eta kultura landuko dituzte. Ikastaroa urrian hasi eta ekainean bukatuko da. Deustuko Unibertsitateko irakasleek emango dute ikastaroa, eta astelehenero izango dira saioak, 17:00etatik 19:00etara bitartean, Basazabal jauregian. Ikastaroan parte hartzeko interesa dutenek udaleko hezkuntza zerbitzuan entregatu beharko dute izen emate inprimakia, ordainagiriarekin batera, irailaren 22a baino lehen. Taldea gehienez ere 40 lagunekoa izango da, eta izena emandako hurrenkeraren arabera osatuko da. Azpeitiarrek 40 euro ordaindu beharko dute ikastaroan parte hartzeko, eta Azpeititik kanpokoek 5o euro.

Ongizate emozionala eta autozainketa tailerra Saioa Garmendia herritarrak gidatuko du. Haren arabera, "ongizate emozionala izatea da bizitza osasuntsu, zoriontsu eta betea lortzeko oinarria". Tailer horretan, autozainketarako gakoak landuko dituzte partaideek. Irailaren 29an, urriaren 13an, urriaren 27an, azaroaren 10ean eta azaroaren 24an izango dira saioak; guztiak ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara bitartean, Basazabal jauregian. Interesatuek hezkuntza@azpeitia.eus helbidera idatzita nahiz 943-25 50 06 edo 688 84 51 15 telefonoetara deituta eman dezakete izena. Hamabost euroko kostua du ikastaroak.