Landuraren distortsioak eta aukerak

Ihintza Elustondo 2022ko ira. 5a, 17:02

Jose Luis Otamendi 'Landura' liburua aurkezten, gaur, Donostian. (Susa)

Hamargarren poesia liburua aurkeztu du Jose Luis Otamendik: Landura (Susa). Landuraren –lurruna, gandua, lausoa– eta egungo aldiaren artean paralelismoa egin du idazleak, 47 olerki onduz. "Niretzat landurak bi alderdi erakusten ditu: batetik, lausotu egiten digu ikuspegia, eta beraz, distortsionatu gauzak ikusteko era; baina, bestetik, asmamenerako eta sormenerako aukera irekitzen du".

Gaur egun "poetikoki non" dagoen erakutsi nahi izan du Jose Luis Otamendi idazle azpeitiarrak bere ibilbideko hamargarren poesia liburuarekin. Gaur aurkeztu du Landura (Susa), Donostiako Pandora tabernan, azken lana –Disoluzio agiriak– argitaratu zuenetik hiru urte eta erdi igaro direnean. "Zer ikusten dudan erakutsi nahi izan dut, eta nola sentitzen den bizi naizen garai hau, jakinik komunitate bateko kide naizela, eta horrek berekin badakartzala ardura batzuk. Poeta bat naiz, eta poesia gaitz autoinmunea dela aipatzen dut poema batean. Poesia gaitz autoinmunea baldin bada, bizi dudana ahalik eta modu doienean eta ahalik eta ederren eskaintzea dagokidala uste dut", adierazi du gaurko agerraldian.

Duela 42 urte argitaratu zuen Otamendik lehen poesia liburua –Egunsenti biluzia–, Ustela sailarekin, eta Susa argitaletxearekin kaleratu duen zazpigarrena da gaur aurkeztu duena. Leire Lopez editoreak agerraldian nabarmendu duenez, idazlearen ibilbide luze horretan badaude haren lanarekin lotu daitezkeen zenbait ezaugarri, azken liburuan ere aurki daitezkeenak: "Bizi dugun garaiaz galderak egitea, pertsonalean kolektiboa eta kolektiboan pertsonala ikusten laguntzea, erritmoaren kontzientzia, berben aukeraketa, ironia...".

Olerki bildumaren inguruko zertzeladak aletu ditu idazleak jendaurrean; aurren-aurrenik, liburuaren izenburua nondik datorren azaldu du: "Landura lurruna da, gandua, lausoa. Alegia, hezetasuna eta bero kontrastea tarteko, kanpoaren eta barruaren artean osatzen den ur fenomeno hori, gehienetan, garbien kristal gainean ageri dena". Fenomeno fisiko eta atmosferikoaz harago, gauzei erreparatzeko era baten gisan ikusten du idazleak landura. "Niretzat landurak bi alderdi erakusten ditu: batetik, lausotu egiten digu ikuspegia, eta beraz, distortsionatu gauzak ikusteko era; baina, bestetik, asmamenerako eta sormenerako aukera irekitzen du". Haren arabera, paralelismo bat egin daiteke fenomeno horren eta egungo aldiaren artean: "Guk bizi duguna distantzia edo geruza modu baten atzetik begiratzera garamatzan aldia da, mugitu egiten zaigu errealitatearen ikuspegia. Gauza asko nahasten dira hor: ziurgabetasuna, ustez beti hobea den iragan baten zama, izurri eta gatazka ekumenikoen mehatxua, bortxa adierazpen matxistak nahiz bestelako asko eta joera autoritarioen harrotzea". Liburuko motibo edo gai nagusien artean, honako hauek nabarmendu ditu idazleak: "Aldi baten amaieraren sentipena, nork bere gogo gorputzean itxita bizitzearen klaustrofobia, eta alderdi pertsonalak eta kolektiboak armonizatzeko, uztartzeko, zailtasuna".

Editoreak, bestalde, honela laburbildu du liburua irakurtzean sentitu duena: "Kanpoan hotz eta barruan bero denean, leihoetan sortutako landurak ez digu beste aldean dagoena ondo ikusten uzten. Eta imajinatzen hasten gara, guretik jartzen dugu. Horregatik, askotan gehiago esaten digute modu lausoan ikusten ditugun gauzek, nolabait antzemandakoek, osorik ikusten ditugunek baino, zeharka ikusitakoa, sumatutakoa, guk geuk osa dezakegulako. Ikusten dugun hori osatzearenak badu lotura literaturarekin, eta beraz, poesiarekin. Irakurtzerakoan ere, landurak estalitako hori zertan den ulertzen saiatzen gara. Zer esan nahi du gizarte ilun honek? Nola aldatzen da atal hau beste guztiekin? Hain argi dagoen honek ez du izango ezkutuko lanbroren bat nik ikusten ez dudana?". Lopez horrelaxe ibili da liburua irakurri duen bakoitzean, erakutsi eta ezkutatzen denaren muga horretan.

47 poema, atal bakar batean

47 poemak osatzen dute Landura, eta olerki horien neurria izan du hizpide Otamendik. Haren arabera, bost olerki neurriz ez dira hogei ilarara iristen; beste zazpik 20 eta 25 bertso lerro artean dituzte, eta gainerako 35ak luzeagoak dira. "Dena bateratsu gertatzen da, nahas-mahasean, eta aldarteak hala eskatuta, ez dut ataletan banatu nahi izan liburua oraingoan. Hasi eta buka, dena bat da", esan du.

Bildumako testu asko itxialdi garaian idatzitakoak direla jakinarazi du idazleak, baina hala eta guztiz ere, ez dela "pandemiari eskainitako bilduma" nabarmendu du. "Nago bizitzea egokitu zaigun garai hau ulertzeko eta kontatzeko ahaleginetan nabilen honen zalantzak, kezkak eta itxaropen sorta idatzia dela, poesiaren ehunez, kalerako idatzia".

Xabier Gantzarainek ondu du liburuaren azala, eta han ageri den irudiaren nondik norakoak ere xehatu ditu idazleak. "Azalean, sarez bildutako etxeaurrea ageri da, gibelalde guztia ortzi hori batek hartua duela. Landurak edo lausoak inoren begiradetatik erdi gorde egin gaitzake, eta sareak, teila puskak, harri koskorrak edo beste zernahi erortzen bada, horiek inor jotzetik libratu ere bai. Baina gehienetan ilusioa baino ez da itxurazko segurtasun hori, harea ez ezik, esperantza eta pertsonak ere jausten baitira etengabe gu bizi garen eraikinetatik. Eta ez dago gainbehera horri eutsiko dion sare aski sendorik". Bestetik, ordea, Landurak asmamenarentzako espazio bat uzten duela adierazi du. "Landurak gauzen ikuspegia, ikusmira, antzaldatzen du, eta kanpora bezala, barrura bidera dezake ekintza eta begirasuna. Dei bat ere bada landura, galdera, tentazioa, itxaropena, baita zerbait egiteko premia ere. Gauzen kontzientzia hartu nahia adierazten du, gainera: bai galtzen utzitako aldiena, bai egindako akatsena, eta bai oraindik asmatzeko dauden aukerena ere. Etsian ez gaitezen erabat erori".

Diskutso idatziez harago, txikia bada ere, zerbait egitera iritsi nahiko lukeela azpimarratu du Otamendik. "Zerbait ematen saiatu nahiko nuke, inorentzat on izango diren gauzak egin. Hala ere, oraingoz ez dut lortu poema sorta hau osatzea besterik. Nahas-mahas batean bizi naiz ni ere, noski. Garai hauen marketako bat da nahasmena, eta poesiaren bitartez, besteak beste, nahiko nuke azpimarratu gutako bakoitza hain bakun izaki, elkarren oso antz handiko garela, eta hor dugula beti eskuetan elkartasunaren eta hamaika borrokaren komodina".