Gizonezkoen V. Euskal Pentatloi Sariko bigarren kanporaketa jokatuko dute larunbatean zezen plazan

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2022ko abu. 31a, 12:04
Kanporaketan parte hartuko duten kirolariak eta sustatzaileak, atzo, Katxiña upategian.

Hamabi kirolarik parte hartuko dute larunbatean 18:00etan hasita jokatuko den kanporaketan, eta lehen sei sailkatuek eskuratuko dute irailaren 24an leku berean izango den finalerako txartela.

Gizonezkoen V. Euskal Pentatloi Sariko bigarren kanporaketa jokatuko dute larunbatean, irailak 3, Azpeitiko zezen plazan, 18:00etan hasita. Atzo aurkeztu zuten kirol proba hori Orioko Katxiña upategian, eta asteburuko norgehiagokan parte hartuko duten kirolariak nahiz antolatzaileak izan ziren bertan, baita Egoitz Arruti Azpeitiko Udaleko Kirol zinegotzia ere.

Hamabi kirolari lehiatuko dira larunbateko kanporaketan. Horietatik lauk maiatzaren 28an jokatu zen lehen kanporaketa gaindituta lortu dute bigarrenerako txartela; beste zortzi, berriz, pasa den urteko pentatloiko emaitzekin zuzenean sailkatu dira bigarren kanporaketara. Zehazki, honako kirolari hauek lehiatuko dira larunbatean: Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarra, Aitzol Atutxa Atutxa II.a, Jokin Urretabizkaria Basozabal, Ioritz Gisasola Zelai IV.a, Xabier Zaldua, Beñat Amade, Jon Gisasola Zelai V.a, Julen Kañamares, Aritz Irazabal, Iñaki Errazkin, Julen Gabirondo eta Joseba Otaegi.

Egin beharreko lana

Larunbateko kanporaketako parte hartzaileek 100 kiloko harriari hamar jasoaldi eman beharko dizkiote; giza proban, 400 kiloko harriarekin plaza bana egin beharko dute; aizkoran, kanaerdiko eta 45 ontzako enbor bana ebaki beharko dituzte, eta 50 kiloko txingekin hiru plaza osatu. Horrez gain, kilometroa egin beharko dute korrika.

Lan horiek otsatzeko denbora gutxiena behar duten sei kirolariak sailkatuko dira irailaren 24an Azpeitiko zezen plazan jokatuko den finalera. Egun horretan emakumezkoen eta gizonezkoen finalak izango dira, 22:00etan hasita.

Urtez urte indarra hartuz

Azken urteetan gorakada nabarmena izan du euskal pentatloiak. Duela bost urte berpiztu zuten proba, 28 urteko etenaren ondoren, eta ordutik, urtez urte handituz joan da parte hartzaile kopurua. 2018an sei kirolarik eman zuten izena, eta aurtengo txapelketan, berriz,  23 gizon arituko dira guztira. Gainera, euskal pentatloiak hainbat kiroletan aritzen diren kirolariak erakartzea lortu du: arraunlariak, pilotariak, mendi lasterkariak eta herri kiroletan edo crossfitean aritzen direnak, besteak beste.

Horrez gain, emakumezkoen txapelketa, binakako gizonezkoen txapelketa nahiz Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketak ere jokatu dira, pentatloia Euskal Herriko hainbat txokotara zabalduz. Antolatzaileek azaldu dute euskal pentatloiak baduela "etorkizuna".