Harri jasotzailea

Olaia Esnaola: "Esperientzia oso ona ari naiz bizitzen"

Julene Frantzesena 2022ko abu. 13a, 10:29
Olaia Esnaola Aiako txapelketan. (Ibon Errazu)

Herri kirol zaleek hitzordu garrantzitsua dute gaur Donostian; izan ere, Igeldoko Harria eta Uliako Harria harri jasotze txapelketak izango dira han. Sona handiko hitzordua da gaurkoa, eta besteren artean, emakumeen txapelketan, Azpeitiko harri jasotzaile gazte batek parte hartu du: Olaia Esnaola (Azpeitia, 2007). Oraintsu hasi da plazetan, eta biharkoa du bigarren txapelketa. "Urduri samar" dagoela aitortu du.

Noiz hasi zinen plazetan harri jasotzen?

Joan zen urtarrilaren 11n hasi nintzen harri jasotzen, eta lehen erakustaldia apirilaren 18an egin nuen Zumarragan. Nirekin batera aritzen den kide batek eta biok egin genuen erakustaldia; nahiko ondo joan zen.

Nondik datorkizu afizioa?

Txiki-txikitatik gustatzen zait harri jasotzea. Ahal izan dudan guztietan joan izan naiz herri kirolak ikustera, bai aizkolariak, bai harri jasotzaileen saioak. Libre nagoenetan batera eta bestera joaten gara, erakustaldiak-eta ikustera. Uste dut horrela sortu zaidala afizioa.

Nolatan erabaki zenuen plazetarako jauzia ematea?

Jendea ikusten nuen herri kiroletan, plazetan erakustaldiak egiten, eta betidanik gustatu izan zaidanez, probatzea erabaki nuen.

Zer moduzko esperientzia ari da izaten?

Ez nuen espero halako esperientzia bizitzerik; izan ere, ez nuen espero honaino iritsiko nintzenik. Esperientzia oso ona ari naiz bizitzen, eta hala jarraitzea nahi dut.

Helbururik jarri al diozu zure buruari?

Hiru zifrako pisua duen harri mota bat altxatzea dut helburutzat jarrita; ea lortzen dudan.

Zer maila dago emakumeen artean harri jasotzen?

Maila oso ona dagoela uste dut, hala sumatzen dut. Gero eta emakume gehiago aritzen dira harri jasotzen, eta horrek poza ematen du. Herri askotako emakumeak ari dira plazara animatzen, izan Izetaren edo Ostolazaren eskolakoak. Hala segi dezaten nahiko nuke. 

Zer behar da harria jasotzen aritzeko?

Teknika eta indarra edukitzea behar-beharrezkoa da.

Nola prestatzen zara?

Astean bi entrenamendu saio egiten ditut Orion, Ostolazaren eskolan. Horrez gain, gimnasioan aritzen naiz, eta mendira edo paseora joateko ohitura ere badut. Errutinari segitu behar zaio.

Orain arte zenbat lehiatan parte hartu duzu?

Erakustaldietatik aparte, Aian jokatu nuen lehen txapelketa, ekainaren 4an. 50 kiloko hiru harri jaso behar izan genituen; zilindroarekin hemeretzi jasoaldi, kubikoarekin 11 jasoaldi eta bolarekin hamabost jasoaldi gauzatu nituen. Orotara, 2.250 kilo jaso nituen. Espero baino askoz ere lan hobea egin nuen, gustura gelditu nintzen egindako lanarekin.

Uliako Harria txapelketan parte hartuko duzu gaur. Nola zaude?

Nahiko urduri nago. Ea zer-nolako eguna izaten dudan. Ahal dudan lanik onena egitea espero dut; 70 kiloko harri irregular eta manipulatu gabearekin sei bat jasoaldi egiteko asmoarekin noa plazara.

Orain arteko plazarik garrantzitsuena izango al da Donostiakoa?

Bai, plazarik garrantzitsuenetarikoa da Uliako Harriarena. Dena den, uda honetan baditut hitzordu gehiago: abuztuaren 18an Kintopekoa Gernikan, eta abuztuaren 20an, Ergobian. Horiek ere garrantzitsuak dira niretzat.