Lehen partida galduta hasi ditu Lagun Onakek denboraldi-aurreko lagunarteko lehiak

Julene Frantzesena 2022ko abu. 11a, 12:57
Garmendipe futbol zelaia.

Espainiako Hirugarren Mailako gizonen lehen taldeak Eibarren jokatu zuen atzo Urkoren kontrako neurketa, eta 2 eta 0 galdu zuen. Datozen asteetan beste zazpi norgehiagoka jokatuko ditu taldeak, eta denboraldiari irailaren 10eko asteburuan ekingo dio. Taldea osatu du dagoeneko Lagun Onakek, eta harrobiko jokalari hainbat ari dira denboraldi-aurrea lehen taldean egiten.

Lagun Onakeko gizonen lehen taldea hasi da 2022-2023 denboraldia prestatzeko lagunarteko partidak jokatzen. Ander Avellanedak zuzentzen duen Espainiako Hirugarren Mailako taldeak atzo jokatu zuen lehen neurketa Eibarren, Erregional Mailako Urkoren kontra, eta 2 eta 0 galdu zuen Azpeitiko taldeak.

Aho zapore garratzari buelta emateko aukera izango du Lagun Onakek datozen asteetan; izan ere, hainbat neurketa jokatuko ditu taldeak. Zapatuan, esaterako, Pasaiaren kontra jokatuko du etxetik kanpo, eta Garmendipeko lehen lagunarteko norgehiagoka hilaren 20an izango da; Vitoria izango du aurrez aurre. Ondoren, abuztuaren 24an, Hernaniren kontra neurtuko dituzte indarrak Avellanedaren gizonek.

Abuztuaren 27an hitzordu berezia izango du Lagun Onakek Garmendipe futbol zelaian. Izan ere, Ugaitz Kerejeta hiruko torneoaren bigarren edizioa jokatuko dute Reala Ck, Beasainek eta Lagun Onakek, 2019ko abuztuan moto istripuz hil zen Lagun Onakeko jokalari zenaren oroimenez. Handik lau egunera, abuztuaren 31n, Anaitasunaren kontra jokatuko du Azpeitiko taldeak Txerloian, eta irailren 3an, berriz, Aurrera de Vitoriaren kontra Garmendipen.

Espainiako Hirugarren Mailako ligako lehen jardunaldia izango da segidan. Hain zuzen ere, Azpeitiko gizonen lehen taldeak irailaren 10eko asteburuan ekingo dio lehiari etxean, eta Touring izango du parez pare zelaian.

Harrobiko jokalariak

Hainbat dira denboraldi-aurrea lehen taldearekin egiten ari diren harrobiko jokalariak. Zehazki, Arizmendi, Galarraga, Aranbarri, Peña, Xabi Bastida eta Iker Arregi maila baxuagoko taldeetan aritzen dira izatez, baina Avellanedak eta haren lantaldeak lehen taldean sartu ditu denboraldia prestatzeko.

Aurten Xabi Gereta azpeitiarra izango da taldeko kapitaina, eta harekin batera, aurreko denboraldian Lagun Onaken aritutako hamahiru jokalarik jarraituko dute taldean: Iker Bastida, Egoitz Iraola, Ivan Castillo, Aitor Diez, Josu Ibarbia, Sergio Barquero, Gorka Amutxastegi, Iker Olaizola, Ander Zubillaga, Jagoba Erdozia, Pablo del Pozo, Jon Aranda eta Manex Iradi. Horiez gain, lehen taldean ariko da Iker Hidalgo ere, baita oraintsu taldera batu diren Sukia, Bengoetxea, Alonso eta Guillo ere.