Trukutxoko eremuan birziklapen lantegia irekitzeko asmoa agertu du Hierros Servando enpresak

Maialen Etxaniz 2022ko abu. 5a, 15:00
Corrugados Azpeitia enpresaren Trukutxoko eremuaren artxiboko irudia.

Lantegi berriaren jarduera burdinaren eta altzairuaren tratamenduan oinarrituko litzateke. Dena den, Hierros Servando enpresak Cristian Lay taldearekin epaitegietan duen auzia itxi gabe dago oraindik, eta azken epaia atera arte ezingo dute jarduerarik martxan jarri Trukutxon. Udalak atzo jakin zuen enpresaren asmoen berri. Nagore Alkorta alkateak adierazi du Trukutxoko eremuan jarduera industriala martxan jartzeko aukera egotea "positiboa" dela.

Azpeitiko Udalak baieztatu du gaur goizean goizetik hainbat hedabidek zabaldu duten berria: Eibarko Hierros Servando enpresak Corrugados Azpeitia enpresaren Trukutxoko pabilioietan birziklapen lantegi bat irekitzeko asmoa du. Lantegi berriaren jarduera burdinaren eta altzairuaren tratamenduan oinarrituko litzateke, eta Hierros Servando enpresako iturriek jakinarazi dutenez, "50-70 lanpostu" sortuko lituzke Trukutxon ezarri asmo duten lantegi berriak. Enpresarekin harremanetan jarri da Uztarria.eus, baina ezin izan du iturri zuzenekin hitz egin. 

Dena den, Hierros Servando enpresak Cristian Lay taldearekin epaitegietan duen auzia itxi gabe dago oraindik, eta horrenbestez, asmoak besterik ez daude. Enpresako iturrien arabera, azken epaia haien aldekoa izatea aurreikusten duten arren, auzia itxi arte ezingo da proiekturik gauzatu Trukutxon. 

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak Uztarriari azaldu dioenez, Hierros Servando enpresako arduradunak atzo jarri ziren harremanetan berarekin, "aurrera begira dituzten asmoen berri emateko". Alkortak azpimarratu du udalak enpresa proiektuaren inguruan ezer ez dakiela, eta, horrenbestez, ezin duela horren inguruko baloraziorik egin. Hala ere, adierazi du "positiboa" dela Trukutxoko eremuan jarduera industriala martxan jartzeko aukera mahai gainean egotea. 

"Auzi judiziala argitu arte ez dago hurrengo urratsik egiterik, eta ezin gara proiektuaren inguruan balorazioak egiten hasi, ez baitaukagu informaziorik. Gainera, prozesua luzea izango da. Horrenbestez, aurrerago jakingo dugu Hierros Servando enpresaren asmoen eta proiektuen berri, eta hala izatekotan, orduan eseriko gara alde guztietako arduradunak gaiaz hitz egiteko", adierazi du Alkortak.