Umeek gozatu dute barraka egunaz

Ihintza Elustondo eta Kris Fernandez 2022ko uzt. 28a, 18:12

Betharrametako jolastokia gaztetxoz eta haurrez bete da San Inazio jaien barraka egunaren harira. Euro baten trukean eskuratu ahal izan dituzte barraketarako txartelak.

Eguraldia lagun, saninazioen atarian antolatzen den umeen barraka egunaz gozatzeko aukera izan dute haurrek gaur, uztailak 28, arratsaldean. Buelta bakoitzeko euro bat ordaindu dute Betharrameko jolastokira hurbildu diren gaztetxoek eta haurrek. Saninazioak bukatu arte, abuztuaren 1era bitartean, egongo dira barrakak martxan, eta 2 euro ordaindu beharko dira barraketarako fitxak.

Duela bi urteko jaietan egin bezala, aniztasun funtzionala duten pertsonek barraketan ibiltzeko lehentasunezko txartela eskuratu ahal izango dute. Gainera, barraken eremuan musikarik gabeko ordu tarteak izango dira festa egunetan: uztailaren 30ean, San Inazio bezperan, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara; uztailaren 31n, San Inazio egunean, 17:00etatik 19:00etara; eta abuztuaren 1ean, San Inazio bigarrenean, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.