Ganadua, sagardoa, gazta eta jai giroa, Santio eguneko menuan

Kris Fernandez eta Ihintza Elustondo 2022ko uzt. 25a, 15:55

Santio egunez, askotariko ekintzak egin dituzte eguerdira bitartean. Elgoibarko Mausitxak irabazi du XXII. Gazta Lehiaketa, eta Lizeagak XLII. Sagardo Txapelketa. Hainbat sari banatu dute Euskadiko XXV. Blonda Txapelketan. Cesar Valverderen Omenezko Txapelketaren finalak ere jokatu dituzte.

Festa egun handia da gaur Azpeitian; Santio eguna, hain zuzen ere. Ohi den moduan, goiz eta eguerdi partean gauzatu dituzte Baserritarren Egunaren barruko ekintza gehienak. Eguneko hitzordurik goiztiarrena Ilunpe pilota elkarteko gaztetxoen finalena izan da. 10:00etan hasi dira Izarraitz pilotalekuan Cesar Valverderen Omenezko XXXVII. Txapelketaren finalak, eta 14:00 aldera banatu dituzte sari guztiak. Zortzi final jokatu dituzte, eta hona hemen horien emaitzak:

  • Benjaminaurrekoak, banaka: Hegoi Alkorta 16 vs Amets Olaizola 1.
  • Benjaminaurrekoak, binaka: Auritz Esnaola-Jone Mendizabal 14 vs Luka Aizarna-Ekaitz Manzisidor 16.
  • Benjaminak, binaka: Ibai Larrañaga-Janitz Goenaga 8 vs Galder Landa-Xuban Arandia 16.
  • Benjaminak, banaka: Xanet Irure 13 vs Adei Lizarralde 16.
  • Alebinak, banaka: Aiur Labaka 16 vs Urritz Goenaga 10.
  • Alebinak, banaka: Aiurdi Peñagarikano 16 vs Unai Beristain 9.
  • Infantilak, binaka (A): Hodei Olaizola-Ibai Galartza 13 vs Julen Larramendi-Ibai Elustondo 16.
  • Infantilak, binaka (B): Iker Urrestilla-Ugaitz Aranguren 16 vs Iker Ansola-Ioritz Arsuaga 13.

Bestalde, Urolako Napar Zuzterrak taldeak antolatutako Nafarroako banderaren gorazarre ekitaldia 10:30ean hasi da Perez Arregi plazan. Erdikaletik kalejiran joan dira handik plazara, eta han egin dute azken ekitaldia, bertsoekin, kantuekin eta dantzekin. 11:00etan, berriz, Baserritarren Eguneko hitzorduak hasi dira: Euskadiko XXV. Blonda Txapelketa, XXII. Gazta Lehiaketa eta XLII. Sagardo Txapelketa; azken horrekin batera, txekor eta hegaluze pintxoak saldu dituzte plazan.

Txapelketen irabazleak

Idiazabal jatorri izeneko gaztak egiten dituzten 28 ekoizlek parte hartu dute XXII. Gazta Lehiaketan, eta epaimahaiaren arabera, Elgoibarko (Gipuzkoa) Mausitxa gazta izan da onena. Ilarduiako (Araba) La Leze izan da bigarren sailkatua, eta Araiako (Araba) Lekuona hirugarrena.

Sagardo Txapelketan, 23 sagardogile lehiatu dira, eta hasieran, berdinketa izan da bi sailkatuen artean. 133na puntu eskuratu dituzte Lizeagak eta Alorreneak, eta azkenean, Lizeagaren sagardoa izan da epaimahaiaren gustukoena; beraz, sagardotegi horrek irabazi du aurtengo txapela. Hala, bigarren postua eskuratu du Alorreneak, eta hirugarrena Altzuetak.

Urteroko gisan, ikusmina piztu du Euskadiko XXV. Blonda Txapelketak, eta jende ugari bertaratu da ganadua ikustera. Gainera, hainbat sari banatu dituzte: Iturbe anaiek irabazi dute haragitarako behirik onenaren saria, Ismael Arriolak ikuilu onenarena, eta Idoia Esnaola azpeitiarrak hazitik sortutako animali onenarena nahiz urrixa onenarena. Behirik onenaren saria, berriz, Iturbe anaien Lezaunek eskuratu du. 

Arratsaldean, gehiago

Eguerdi partean, Hazparneko lagunekin batera, kalejiran aritu dira Azpeitiko Kantu Jira taldekoak. Saio berezia izan da, Hazparnetik jende multzo handia etorri delako Kantu Jirakoekin batera eguna igarotzera; elkarrekin abesteaz gain, batera bazkaldu dute. 12:45ean elkartu dira Baigera aurrean, eta handik abiatu dira kaleetan barrena kantu kantari.

Arratsaldean, besteak beste, Errekortarien Txapelketa Nagusia jokatuko dute zezen plazan, eta zirku ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da Balentina Agirre plazan. Santio eguneko egitaraua ixteko, Kalakan taldeak kontzertua emango du Perez Arregi plazan.