Txantrea eta Bustintxuri garaile, erraldoien dantza txapelketan

Ihintza Elustondo 2022ko uzt. 24a, 13:21

Umeen Eguna da gaur Azpeitian, eta Itsasikoen korporazio txikia kalez kale ibili ostean, erraldoien dantza txapelketa egin dute. Taldeka, Txantreako erraldoiak nagusitu dira –600 euroko saria jaso dute–, eta banaka, Bustintxuri (Iruñea) izan da garaile –300 euroko saria jaso du–.

Santio jaien barruan, Umeen Eguna ospatzen ari dira gaur Azpeitian. Ohiko moduan, erraldoiak eta umeak dira protagonista gaurko menuan. 11:00etan hasi dute egitaraua, goiz eresiarekin eta Itsasi dantza taldearen korporazio txikiarekin, Juan Antxieta musika eskolako txistulariek eta Banda Gazteak lagunduta.

Ondoren, bi urteko etenaren ostean, hainbeste itxarondako erraldoien ikuskizuna hasi da. Aldaketa aipagarri bat izan da gaurko  hitzorduan. Hain zuzen ere, erraldoiek plazan egin dute lehen geldialdia, urteroko dantza lehiaketan parte hartzeko; eta dantza saioa eta ondorengo sari banaketa egin ondoren ekin diote kalez kaleko desfileari Alde Zaharrean. Hala, 12:00etan hasi da dantza ikuskizuna plazan, eta 13:00 aldera, berriz, erraldoien kalejira. Taldeka, Txantreako erraldoiek irabazi dute dantza txapelketa –600 euroko saria jaso dute–, eta banaka, berriz, Bustintxuri (Iruñea) nagusitu da –300 euroko saria jaso du–.

Guztira, Nafarroako, Gipuzkoako eta Bizkaiko hogei erraldoi konpartsa elkartu dira Azpeitian, beste horrenbeste dultzain zein trikitilari taldek lagunduta. Hau da gaur batu diren erraldoi konpartsen eta musika taldeen zerrenda: Bergarako erraldoiak (Eltziego dultzainak), Azkoitiko erraldoiak (Arrasateko dultzainak), Zarauzko erraldoi eta buruhandien elkartea (Guardiako dultzainak), Elgoibarko erraldoiak (Gasteizko dultzainak), Txantreako konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Urduñako Bihotza konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Arrotxapeako konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Iruñeko Alde Zaharreko konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Irungo Ondare kultur elkartea (Iruñeko dultzainak), Zizurkilgo erraldoi konpartsa eta trikitilariak, Añorgako erraldoiak (Zizurkilgo trikitilariak), Hernaniko Ostargi konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Buztintxuriko konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Barañaingo Ezpelur konpartsa txikiko erraldoiak eta dultzainak, Tafallako Asier Marko konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Mendillorriko erraldoien eta kilikien konpartsa eta dultzainak, Arrotxapeako Iturri Plazako erraldoi txikiak eta dultzainak, Zizur Nagusiko konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Hondarribiko Izugarria konpartsako erraldoiak eta trikitilariak, eta Azpeitiko erraldoiak (Iruñeko dultzainak).

Arratsaldean ere festa

Eguerditik aurrera ere jarraituko du Umeen Eguneko festak. 14:00etan, Haujijijai festa batzordeak antolatutako Umeen eta Gaztetxoen Egun Arroxaren egitaraua hasiko da. Ordu horretan elkartuko dira aurrez izena emanda dauden umeak eta gaztetxoak: HH4ko eta HH5eko haurrak Frontoi Txikian; LH1, 2 eta 3 mailetako gaztetxoak Done Jakue kaleko parkean; eta LH4, 5 eta 6 mailetakoak Iturritxiki ludotekaren aurrean. Bazkaria egingo dute plazan, eta ondoren, jolasean emango dute arratsaldea, 16:00etatik aurrera, kalejira eta guzti.

16:00etan hasiko da, era berean, eguneko kirol hitzordua Perez Arregi plazan: txirrindularien Inazio Deuna 42. Saria. Eta 18:00etan, Umeen Eguneko festa egitaraua borobiltzeko, Animali Koloretsuak kale animazioa ibiliko da Alde Zaharrean.

Egitaraua

Hona hemen arratsaldeko ekintzen egitaraua:

14:00. Umeen bazkaria, plazan.

16:00. Umeen jolasak eta kalejira, Alde Zaharrean.

16:00. Inazio Deuna Txirrindularitza Saria, Perez Arregi plazan hasita.

18:00. Animali Koloretsuak kale animazioa, Alde Zaharrean.