Iritzia

Saninazioak denontzat dira, Azpeitia denontzat da

Nagore Alkorta (Azpeitiko alkatea) 2022ko uzt. 22a, 10:28
Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak etxez etxe banatu den programarako idatzitako gutuna da honako hau.

Badatoz saninazioak, eta haiekin batera, ilusioa, elkarrekin egoteko eta gozatzeko gogoa. Urduritasuna. Elkarri begietara begiratu eta irribarre egiteko grina.

Garai zailak pasatu ditugu, pasatzen ari gara. Egoera berriak, zalantzak, ziurgabetasunak… baina herri bezala erantzun diegu momentu horiei guztiei. Herritarrak zaintzen dituen herria da Azpeitia, aurrera egiten duena. Argi gelditu da hori azken bi urteotan. Gure txikitasunetik, mundu mailako krisiak ere gainditu egiten direla sinetsi dugu, eta horri esker batu ditugu indarrak. Hemen gaude gaur: indartsuago eta hurbilago. Hemen gaude, gozatzeko eta gozarazteko gogoarekin. Herritar eta alkate bezala, zorte handia da Azpeitiari eta azpeitiarrei begiratu eta egunero egiten dugun bide hau ikustea.

Eta, orain, azkenean, ate joka ditugu saninazioak. Aurten, inoiz baino gehiago, azpeitiarrok erakutsiko dugu herri festazalea garela: kaleak hartzen dituen herria, abesten duen herria, haur, gazte eta heldu plazan biltzen dituena. Hain zuzen, jaiak iritsi aurretik ere, herriko eragileek eta norbanakoek erakutsi dute festarako grina, bakoitzak beretik jai koloretsuak osatzekoa. Beste behin, garbi utzi duzue jaiek batu egiten gaituztela; gai garela, desberdinen artean, helburu bera lortzeko, guztiekin pentsatutako egitaraua osatzeko. Argi dago, garairik zailenetan ere ez da itzaltzen herri gogoa. Bihotz-bihotzetik, eskerrak ematea soilik ateratzen zait. Eskerrik asko.

Denon artean eta denontzat eginiko jaiak prestatu ditugu. Guztiok dugu lekua hemen; jakina, baita jaietan ere. Ez du axola nolakoak garen, non sortu ginen, zer maite dugun. Saninazioak denontzat dira, Azpeitia denontzat da, gutako bakoitzari esker.