Festak direla eta, aldaketak izango dira herri barruko trafikoan eta aparkalekuetan

Julene Frantzesena 2022ko uzt. 21a, 11:59
Gaur arratsaldetik aurrera ezingo da ibilgailurik aparkatu Zelai Luze pasealekuan.

Gaurtik aurrera, herriko zenbait gunetan ezingo da ibilgailurik aparkatu, baina udalak beste eremu batzuk egokituko ditu horretarako. Zelai Luzeko errepidea itxita izango da trafikoarentzat uztailaren 25etik abuztuaren 3ra bitartean, Santio eguneko ganadu feria eta txosnagunea tarteko.

Asteburuarekin iritsiko dira Santio jaiak Azpeitira, eta hurrengo asteburuan, berriz, saninazioak. Urtero legez, festek irauten duten bitartean aldaketak izango dira trafikoan nahiz herriko zenbait eremutan; batez ere, aparkalekuetan. Hain zuzen, herriko zenbait gunetan ezingo da ibilgailurik aparkatu, baina udalak beste eremu batzuk egokituko ditu horretarako.

Santio eguneko ganadu feria eta txosnagunea tarteko, Zelai Luzeko errepidea itxita izango da trafikoarentzat uztailaren 25etik abuztuaren 3ra bitartean. Gainera, gaur arratsaldetik aurrera ezingo da eremu horretan ibilgailurik aparkatu, prestaketa lanak egin behar dituztelako. Era berean, Foru pasealekuan –Astotegian– ere ezingo da aparkatu bihartik abuztuaren 3ra bitartean. Halaber, uztailaren 26tik aurrera hasiko dira Done Jakue kalea jaietako ekintzetarako egokitzen.

Gaurtik festak amaitu bitartean –abuztuak 2–, Jesuitinetako eta Urola Ikastolako jolaslekuak aparkaleku bilakatuko dituzte; zabalik izango dira egunero. Karmelo Etxegarai Ikastolaren Perdillegiko eraikinaren jolaslekuak ere aparkaleku funtzioa izango du uztailaren 28tik abuztuaren 2ra arte.

Azpeitiko Udalak datozen egunetan ibilgailuak "beharrezkoa" direnean soilik erabiltzeko eskatu die herritarrei, eta horiei barkamena eskatu die jaietan trafikoari lotuta sor daitezkeen eragozpenak tarteko.