Inazio Deuna txirrindularitza saria izango da igandean

Julene Frantzesena 2022ko uzt. 21a, 09:00
2019ko Inazio Deuna probaren helmugako irudia.

Kadete mailako txirrindulariak ariko dira lehian, Azpeitian hasi eta bukatuko den proban. 16:00etan hasiko dute lasterketa, eta txirrindulariek 58 kilometro egingo dituzte.

Igandean, uztailaren 24an, Lagun Onak txirrindulari elkarteak antolatutako Inazio Deuna probaren XLII. edizioa izango da herrian. Kadete mailako txirrindulariak ariko dira lehian, Azpeitian hasi eta bukatuko den proban. Hain zuzen ere, Perez Arregi plazatxoaren ondoan jarriko dute hasiera puntua eta helmuga.

16:00etan hasiko da lasterketa, eta txirrindulariak Zestoara, Iraetara eta Arroa Goikora joango dira, handik berriz ere Azpeitira itzultzeko. Loiola aldera joan ostean, Zestoara bueltatuko dira txirrindulariak, eta handik, Iraeta, Aizarna, Etumeta eta Benta Berri igarota, Azpeitira joango dira. Ordu eta erdi inguruko lasterketa izango da, 58 kilometrokoa.