Javier Egiguren: "Triatloiak duatloiak baino nahiago ditut, nahiz eta duatloietan hobeto moldatzen naizen"

Julene Frantzesena 2022ko uzt. 4a, 17:29
Javier Egiguren korrika proba batean. (Utzitakoa)

Javier Egiguren (Azpeitia, 2002) izugarrizko lorpenak egiten ari da hango eta hemengo duatloietan eta triatloietan. Lehen urtea du 23 urtez azpikoen mailan, eta balentria bat baino gehiago egin du dagoeneko: besteak beste, triatloi modalitatean, Donostiako Onditz memoriala irabazi berri du, eta Euskadiko txapeldun izan zen Lekeition; duatloian, berriz, Eibarko eta Mungiako probak irabazi ditu, eta Gipuzkoako txapeldun izan zen Zizurkilen. Bizitzen ari den une gozoaz hitz egin du, "hobetzeko asko" duela aitortuta.

Noiz hasi zinen triatloietan eta duatloietan, eta nolatan?

18 urtera arte saskibaloian aritu nintzen. Ordurako korrika ere egiten nuen, eta bizikleta ere gustatzen zitzaidan. Gurasoei esaten nien triatloietan hasi nahi nuela neure kasa, baina haiek ezetz esaten zidaten, bakarkako kirola zelako. 18 urte egin arte itxaron nuen, eta orduan hasi nintzen triatloian, Zarauzko Nik Tri taldean. Denboraldi bat baino gutxiago egin nuen han, eta Atletico San Sebastianekin hasi nintzen gero; pixka bat serioago, entrenatzailearekin eta. Betidanik izan dut kirola egiteko afizioa; kirol guztiak ditut gustuko.

Duatloiak edo triatloiak, zein dituzu nahiago?

Korrika ondo moldatzen nintzen, baita bizikletan ere. Horregatik, ikusten nuen duatloietan ondo moldatzeko aukera banuela. Igeriketan hasi nintzen, baina desastre aritzen nintzen hasieran. Pixkanaka-pixkanaka, metroak egin eta egin, hobetzen joan nintzen, eta triatloietara egin nuen jauzi.

Zer dute berezia batzuek eta besteek?

Duatloiak oso gogorrak dira, oso-oso neketsuak. Proba guztia dena ematen egiten duzu; korrika azkar hasten zara, bizikletan ere hala jarraitzen duzu, eta proba lasterka bukatzen da. Triatloian gorroto dut, adibidez, igeriketarako irteerako unea: pertsona pila bat elkarren gainean, kolpe mordoa hartzen dituzu... Dena den, triatloiak duatloiak baino nahiago ditut, nahiz eta duatloietan hobeto moldatzen naizen.

Zer du, bada, triatloiak?

Hiru kirol egiten dituzula. Hobetzen ari naizenez, gero eta gehiago gustatzen zait modalitatea. Gaztea naizenez, entrenatzaileak distantzia motzeko probetan aritzea gomendatu zidan, eta hala egin dut. Aurreko denboraldian sprint eta supersprint modalitateetan aritu nintzen; oraintsu hasi naiz distantzia olinpikoan lehiatzen.

Prestaketa lanak nola egiten dituzu?

Astegunetan Donostian entrenatzen dut, han ikasten dudalako, eta asteburuetan Azpeitian, lagun batekin batera. Egunero entrenatzen dut, egunean bitan askotan; bi kiroletan aritzen naiz halakoetan. Entrenatzaileak prestatzen dizkit lan saioak, eta bakarrik aritzen naiz horiek egiten. Hori bai, helburu bat jartzen dugu hasterako; duatloietan, adibidez, Onditz memoriala nuen jomugan, eta irabazi egin nuen nire mailan eta hirugarren izan nintzen Euskadiko sailkapen orokorrean. Proba batzuk ere prestaketarako egiten ditugu.

Kirol bakartia dela esaten zizuten gurasoek. Hala dela esango al zenuke?

Bai, oso indibiduala da, eta arrazoia zuten gurasoek. Taldean aritzea garrantzitsua dela uste dut, eta horregatik jarduten dut Atletico San Sebastianen. Ohitu egin naiz, baina aurreko urtea gogorra egin zitzaidan. Izan ere, lagunak-eta ikusten nituen futbolean edo saskibaloian, eta ni bakarrik aritzen nintzen entrenatzen. Orain, ordea, baditut bizikletan ibiltzen diren lagunak.

Noiz egin zenuen lehen duatloi edo triatloi proba?

Espainiako Txapelketan. Oso gaizki aritu nintzen, baina finalera sailkatu nintzen. 26. egin nuen txapelketan. Sentipena oso txarra izan zen. Prestatuta joan nintzen, baina lehen aldiko sentipena ez da ona izaten. Probatzea zen helburua.

Aurten 23 urtez azpikoen mailan ari zara lehiatzen lehen aldiz. Zer moduz?

Iaz juniorretan aritu nintzen, eta hainbat probatan parte hartu nuen, baina ez nintzen oso ondo moldatu. Lorpen batzuk egin nituen, Espainiako Txapelketan parte hartu nuen esaterako, baina... Emaitzekin oso gustura nago, baina oraindik asko dut hobetzeko. Aurtengo denboraldia aurrekoa baino lasaiagoa izan da; aurreko denboraldian presio asko sentitu nuen, espektatiba oso altuak nituelako. Emaitzak, ordea, ez ziren onak izan. Aurten lasaiago hartu dut, eta emaitzarekin gustura nago.

Egin duzun denboralditik zer azpimarratuko zenuke?

Lorpenak baino, igeriketan egin dudan hobekuntza aipatuko nuke. Aurreko urtean-eta atzean ateratzen nintzen uretako proba zatietatik, eta aurten pixka bat hobeto moldatu naiz. Egia esan, espero nuen aurreko denboraldian baino hobeto moldatzea. Banekien igeriketan hobetuz gero, aurrean ibiltzeko aukerak banituela. Aurrerapausoa eman dut, eta gustura nago; horrek jarraitzeko indarra ematen du.

Proba zehatzak irabazi dituzu batean eta bestean, baina Lekeitioko sprint modalitateko triatloian Euskadiko txapeldun izan zinen 23 urtez azpikoetan, eta absolutuetan Gipuzkoako txapeldun, berriz, Zizurkilgo duatloian. Bada zerbait, ezta?

Talde oso onetako kirolariak aritzen dira halako probetan, ni baino zaharragoak ere bai, eta gustura nago lortutakoarekin.

Burua indartsu eduki behar al da halako probetan lehiatzeko?

Bai. Kirol oso gogorra da; bakarrik aritu behar duzu, eta ordu asko eskaini behar zaizkio. Zure esku dago entrenatu edo ez, eta hori garbi ikusten da emaitzetan. Jarraikortasuna eskatzen du.

Zer asmo dituzu udarako?

Espainiako Txapelketara joan behar nuen, baina sailkapen fasea atzeratu egin zuten; martxoan zen izatez, baina abuztuan izango da. Hori dela eta, prestaketa guztia hankaz gora jarri zitzaidan, eta ez parte hartzea erabaki nuen. Aurtengo uda lasaiago hartuko dut; triatloi batzuk egingo ditut, baina...

Zer helburu dituzu aurrera begira?

Euskal Herrian egingo diren bi zeharkaldi eta bi triatloi ditut jomugan, hala nola Getaria-Zarautz, Sestaokoa... Hurrengo urtera, begira, Euskadiko Txapelketan lehiatuko naiz, eta beste proba batzuetan ere bai. Gero Erasmusera joango naiz Erresuma Batura.