Azpeitiko lurretan ibiliko da ostiralean IV. Goilurrak Rallya

Andoni Elduaien 2022ko eka. 29a, 12:44
Iazko jokatutako Goilurrak Rallyaren irudietako bat. (Andoni Elduaien)

Ostiral arratsaldean hasiko da rallya Lazkaon (Gipuzkoa), eta han amaituko da larunbatean. Ostiralean, Matxinbentan amaituko da rallyaren lehen erlojupekoa, eta han hasiko da bigarrena, Azkoitiko aurkezpen ekitaldiaren ondoren. Erlojuaren kontrako hamar zati osatu beharko dituzte parte hartzaileek.

Ostirala eta larunbata bitartean jokatuko dute IV. Goilurrak Rallya. Errebueltie Eskudeixek eta Ikullu Racing taldeek antolatu dute lasterketa, eta guztira, 116 kilometro erlojuaren aurka osatu beharko dituzte rallyan parte hartuko duten 70 gidariek. Gipuzkoako zenbait herritan jokatuko da rallya.

Ostiralean, uztailak 1, erlojuaren aurkako bi zati egin beharko dituzte parte hartzaileek. Lehen zatia egiteko, 20:05ean abiatuko da lehen ibilgailua Lazkaoko Salbatore auzotik, eta 11,9 kilometroko bidea osatu beharko dute Matxinbenta auzora iristeko.

Lehen zatia egin ostean, Azkoitiko Plazaberrira zuzenduko dira ibilgailu guztiak. 21:00etan, ibilgailuen, pilotuen eta kopilotuen aurkezpena egingo dute han, eta banan bana aurkezpen gunera igo beharko dituzte ibilgailuak parte hartzaileek. Aurkezpen ekitaldiaren ondoren egingo dute erlojuaren aurkako eguneko bigarren zatia. 21:45ean, Matxinbentan abiatuko dira ibilgailuak, eta 12,4 kilometroko bidea egin beharko dute Beasaingo Garin auzora iristeko.

Zapatuan, zortzi erlojupeko

Goilurrak Rallya larunbatean, uztailak 2, ebatziko da; izan ere, erlojuaren aurkako zortzi zati egin beharko dituzte parte hartzaileek orduan. Azkoitiko lurretan jokatuko dituzte zati horiek guztietako lau. Eguneko lehen erlojupekoa Azkoitiko Olaso auzunean hasiko dute pilotuek, 09:00etan. Madariaga igaroz, Azkarateko errepide zaharra jaitsi beharko dute 10,9 kilometro egiteko. Zati hori bera bigarren aldiz egin beharko dute parte hartzaileek, 12:00etan.

Azkarateko lehen lanak eginda, Elosua aldera igaroko dira gidariak, han 14,2 kilometroko bidea egin beharko baitute. Elosuko bidegurutzetik Bergarara joango dira Gorlatik igarota. 09:25ean lotuko dituzte lehen aldiz Azkoitia eta Bergara herriak, eta 12:25ean bigarren aldiz.

Eskualdea utzi, eta Tolosaldera egingo du gero auto lasterketak; izan ere, han jokatuko dituzte rallyaren azken lau zatiak. Lau horietan lehen eta hirugarren tarteak, Albiztur eta Tolosako Urkizu auzoaren artean egingo dituzte; 9,9 kilometroko zatia egin beharko dute. 15:40ean hasita egingo dute zati horretan lehen erlojupekoa, eta 18:05ean bigarrena. Bigarren eta azken zatietan, berriz, Gaintza eta Zaldibia herrien arteko 11 kilometro egin beharko dituzte parte hartzaileek; 16:15ean egingo dute bide hori lehen aldiz, eta 18:40ean bigarren aldiz.

Trafikoan eragina

Rallyak eragina izango da trafikoan; izan ere, guztiz itxiko dituzte lasterketa igarotzen den errepideko zenbait puntu. Ostiralean, Matxinbentatik Beasainera arteko errepidea itxita egongo da 19:00etatik gauerdira bitartean. Larunbatean, Olaso, Madariaga eta Azkarate arteko errepidea 08:00etatik 14:00etara artean egongo da itxita, eta Elosutik Bergara artekoa 08:25etik 14:45era bitartean.