Urrestillako sanjoanak 2022

Zuhaitza botata, agur sanjoanei

Ihintza Elustondo 2022ko eka. 26a, 22:11

Festetako azken eguna iritsita, bota dute egunotan Urrestillako erdigunean izan den zuhaitza. Aurrez, patata tortilla lehiaketa eta areto dantzen emanaldia izan dira, besteak beste.

Urrestildarrak San Joan festetan murgilduta izan dira azken egunotan, eta horren erakusle izan da herriaren erdigunen kokatuta izan duten zuhaitza. Gaur, baina, festetako azken eguna iritsita, bota dute zuhaitza, eta datorren urtera arte agurtu dituzte jaiak.

Aurretik baina, izan dute zertaz gozatua Urrestillan. 17:00etan, umeentzako puzgarriak izan dira, eta ondoren, patata tortilla lehiaketa. Aurtengoan, Sara Rey eta Jon Azkune izan dira tortillarik onena egin dutenak. Era berean, 19:00etan, Angel Oiarzabalen dantza eskolakoen emanaldia izan da frontoian, eta jende ugari bertaratu da. Dantzariek txa-txa-txa, bachata nahiz salsa dantzak taularatu dituzte, eta giro ezin hobea sortu da. Eguna amaitzeko, afari-merienda egin dute, eta azkenik, zuhaitzaren entierroa egin dute.

Beheko bideoan ikus daiteke zuhaitza bota duten unea: