Urrestillako sanjoanak 2022

San Joan eguneko ekitaldietan murgildu dira Urrestillan, prozesioarekin

Nerea Uranga 2022ko eka. 24a, 14:08

Atzo, herri afariaren ostean lizar arbola plazan altxatu ondoren, gaur Urrestillan San Joan eguneko ekitaldiak dituzte. Eguerdian, meza nagusiaren aurretik, prozesioa egin dute dozenaka urrestildarrek.

Musika doinuekin hasi dute gaur Urrestillan hango festetako zaindariaren eguna, txistularien eta trikitilarien dianarekin, hain zuzen ere. Eguerdi artean, berriz, Azpeitiko Udal Musika Bandak girotu ditu hango kaleak, prozesioaren aurretik kalejira egin dute, eta meza ondoren ere girotu dute jai eguna. Jendetsua izan da San Joan eguneko meza nagusiaren aurretik egin den prozesioa. Lore sortak eskuetan hartuta dozenaka lagunek parte hartu dute festetako zaindariaren irudiarekin egin den kale bueltan. Elizkizunak bukatutakoan, buruhandiak ibili dira kalean.

Arratsaldean segida izango dute San Joan eguneko ekitaldiek. 17:30ean, Iago Magoren ikuskizuna izango da, eta 21:00etan hasita, gazte afaria egingo dute. Afalondoan, 22:15etik aurrera, No Place, Fan&Go eta Bass Again taldeen kontzertuak izango dira.