Iparraldean azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute Ikasberri ikastolan

Ihintza Elustondo 2022ko eka. 22a, 10:56
Hainbat lagun elkartu zen atzo 'azterketak euskaraz' zioen pankartaren atzean.

Seaskako guraso, ikasle eta irakasle batzuek Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzak Baionan duen egoitza okupatuta dute, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Haiei babesa adierazteko, elkarretaratzea egin dute Azpeitiko Ikastola Ikasberrin.

Seaskako guraso, ikasle eta irakasle batzuek Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzak Baionan duen egoitza okupatu zuten ekainaren 15ean, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Ipar Euskal Herriko ikastoletako ikasleen aspaldiko aldarrikapena da azterketak euskaraz egiteko eskubidea. Hamarkadaz hamarkada aurrerapen batzuk lortu izan badituzte ere, azken urteetan okerrera egin du egoerak Frantziako Gobernuak ezarritako zenbait erreformaren ondorioz.

Seaskari babesa adierazteko eta eta Iparraldean euskaraz azterketak egin ahal izatea aldarrikatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo, asteartea, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin. Hainbat ikasle eta irakasle elkartu ziren, Azterketak euskaraz lelepean.