Zapatuan itzuliko da Azpeitira Getariako Txakolinaren Eguna

Mailo Oiarzabal 2022ko eka. 15a, 16:49
Ezkerretik eskubira, Txomin Ridruejo, Gemma Perez, Mikel Odriozola eta Ruth Mozo, gaurko aurkezpenean. (Azpeitiko Udala)

12:30etik 14:30era, 11 upategitako txakolinak aukeran izango dira Perez Arregi plazan. Gazta eta oilasko pintxoekin, musikarekin eta bertsoekin osatuko dute etzi eguerdiko jan-edan festa.

Pandemiak eragindako bi urteko hutsunea eta gero, zapatu honetan itzuliko da Azpeitira Getariako Txakolinaren Eguna. Gaur aurkeztu dute udaletxean bosgarren aldiz ospatuko duten txakolinaren bueltan festa. Jatorri Deiturako Txakolinak antolatutako hirugarren edizioa izango da etzikoa, eta erakunde horretako Ruth Mozok Azpeitiko Txakolin Egunaren garrantzia nabarmendu du aurkezpenean. "Jatorri deitura gisa Gipuzkoan hainbat Txakolin Egun egiten ditugu, eta Azpeitiko garrantzitsua da guretzat. Izan ere, hau Gipuzkoaren erdigunean dago. Gainera, mahastiak ere badaude Azpeitian orain", adierazi du.

Perez Arregi plazan egingo dute aurten ere Getariako Txakolinaren Eguna, 12:30etik 14:30era. 11 upategi hauek hartuko dute parte: Agerre, Aitaren, Akarregi Txiki, Blai, Flysch, Hika, Mokoroa, Sagarmiña, Txomin Etxaniz, Ulacia eta Urkizahar. Txakolinari laguntzeko, Azpeitiko Berastegi eta Premietxeberri baserrietako gazta eta Lumagorri oilasko pintxoak ere aukeran izango dira. "Bertako produktuak ezagutzeko, horiei balioa emateko eta dastatzeko moduko eguna antolatu" dutela esan du Mikel Odriozola udaleko Festa batzordeburuak. "Eguraldia lagun izango dugula dirudi, eta herritar zein bisitariak gonbidatu nahi ditut Txakolin Egunaren bueltan Azpeitiko kaleetan ibiltzera", gaineratu du.

Kopa eta bost txakolin dastatzeko aukera emango duten txartelak 5 eurotan salduko dituzte, eta pintxo bakoitzeko bi euro ordaindu beharko dira. Herriko Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldeko kideak arduratuko dira pintxoak banatzeaz. Talde horretako Gemma Perez eta Txomin Ridruejo boluntarioak ere gogotsu azaldu dira gaurko aurkezpenean: "Lanerako gogoz gaude. Txakolin Eguna bezalako ekintzetan lan eginez eta dirua bilduz gaixo taldearen ekintzak egitea ahalbidetzen dugu, eta herritar guztiak animatu nahi ditugu larunbateko ekintzara".

Jan-edanik ez da faltako, beraz, etzi eguerdi partean Perez Arregi plazan. Bertako produktuen dastaketa girotzeko, berriz, "triki-bertso emanaldia" iragarri dute antolatzaileek.