400 gaztetxo inguruk parte hartuko dute ISBren Saskibaloi Topaketan

2020ko Gabonetako Saskibaloi Topaketetako irudia.

Asteburuan jokatuko dute saskibaloiko txapelketa benjamin aurrekoetatik kimuen lehenengo mailara arteko gaztetxoek. Gipuzkoako eta Bizkaiko 33 talde ariko dira, Perdillegiko, kiroldegiko eta Urola Ikastolako kantxetan.

Beste ekintza asko bezalaxe, pandemiak eragindako azken bi urteetan ezin izan du Iraurgi saskibaloi klubak uda aurreko gaztetxoen Saskibaloi Topaketa antolatu. Aurten bai, ordea. Datorren zapatuan eta igandean jokatuko dute Urola Ikastolako, Perdillegiko eta kiroldegiko kantxetan. Zapatuan 09:00etatik 14:00etara bitartean izango dituzte partidak. Igandean, berriz, goiz eta arratsalde egingo dituzte topaketak: 09:00etatik 13:00etara ariko dira goizean. Gero, Sanagustin kulturgunean bazkalduko dute txapelketako parte hartzaile guztiek, bi txandatan banatuta, eta arratsaldean, 15:00etatik aurrera jarraituko dute partidekin.

Benjamin aurrekoetatik kimuen lehenengo mailara arteko (2013. urtean jaiotakoetatik 2011. urtera artekoak) neska-mutilek parte hartuko dute asteburuko topaketan. Denera, 400 pertsona inguru ariko dira, 33 taldetan banatuta. Iraurgiko saskibaloi eskolako hamalau taldek jokatuko dute. ISBz gainera, honako saskibaloi klubetako eskolako taldeak izango dira topaketan: Ordizia, Tabirako, La Salle Bilbo, BKL Beasain, DBasket Deba eta Donostiako Easo.

Data atzeratuta

Aurreko urteetan, maiatzean jokatu izan dute Saskibaloi Topaketa, baina aurten, datak ekainera atzeratu behar izan dituzte ISBkoek. Hala azaldu du Ibon Guridi saskibaloi eskolako entrenatzaileak: "Beste herri batzuetako topaketekin bat ez egitearren, ekainean egitea erabaki dugu Saskibaloi Topaketa. Agian, ez da datarik egokiena; izan ere, saskibaloi klub batzuetan denboraldia bukatuta dute dagoeneko. Gure kasuan, Iraurgiko federatutako talde guztiek amaituta dugu sasoia".

Saskibaloi eskoletan dabiltzan gaztetxoei beren adineko beste talde batzuekin jokatzeko eta ondo pasatzeko aukera ematearren antolatzen dituzte topaketak Guridik azaldu duenez: "Txapelketa formatua ematen diogu Saskibaloi Topaketari, baina lehia albo batera uzten dugu. Hain zuzen, parte hartuko duten talde guztiek partida kopuru berdina jokatzeko aukera izango dute. Helburuak dira gaztetxoek jokatzea eta gozatzea".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide