30 pilotarik parte hartu dute Euskal Herriko Pilota Egokituko Lehen Topaketan

Nerea Uranga 2022ko eka. 12a, 08:30

Euskal Herriko Pilota Egokituko Lehen Topaketa egin zuten atzo Azpeitian. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako urritasun fisikoa eta adimen urritasuna duten hainbat pilotarik parte hartu zuten.

Euskadiko eta Gipuzkoako euskal pilotaren federazioek eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak antolatu dute aurten Euskal Herriko Pilota Egokituko I. Topaketa, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. Atzo egun zituzten topaketako ekitaldiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 30 pilotarik. Topaketako jarduerak Betharram eta Izarraitz pilotalekuetan egin zituzten. Goizean, beroketa ariketak eta jolasak egin zituzten pilotariek. Sanagustin kulturgunean bazkaldu zuten denek elkarrekin, eta arratsaldean, berriz, Izarraitz frontoian pilota erakustaldiak egin zituzten. Bukatzeko, topaketetako oroigarri eta kamiseta bana jaso zituzten parte hartzaileek.

Leire Esnal: "Gustura ibili gara Euskal Herriko topaketan"


Topaketan ondo pasatu zutela adierazi zuten Leire Esnal eta Xabier Olaziregi palista zumaiarrek eta Jurdan Arakistain palista zestoarrak. "Orain arte Gipuzkoa mailako topaketak egin izan ditugu, baina Euskal Herri mailakoa egitea ondo dago, era honetan beste lurraldeetako pilotariekin aritzen garelako. Azpeitikoa da Euskal Herriko aurrenekoa, eta gustura aritu gara bertan. Dena den, neska gehiago animatuko nituzke pilotan aritzera. Ondo dago bikote mistoen arteko partidak jokatzea, baina nesken artekoak egitea ere gustatuko litzaidake niri", adierazi zuen Esnal pilotariak atzo Izarraitz pilotalekuan. Esnal, Olaziregi eta Arakistain Zumaian aritzen dira pilotan. "Astean behin entrenatzen dugu, zapatuetan, 11:30etik 12:30era", jakinarazi zuten hirurek.