Joxean Agirre: "Egin ditut idazteari uzteko proba batzuk, baina ezin"

Berria 2022ko eka. 12a, 08:00
Joxean Agirre idazlea. (Argazkia: Ilargi Agirre)

Duela hamar urte inguru utzi zuen kazetari ofizioa Joxean Agirrek, eta geroztik literatura da haren egunerokoaren ardatz nagusietako bat. Horren erakusgarri dira Nobela errealista bat, Distira eta alderantzia eta Solteroen dantzalekuak liburuak. Iñigo Astiz kazetariak Berrian elkarrizketatu du idazle azpeitiarra.

Utzi egin nahi lukeela dio, baina lapsus batek salatu du hori esan eta gutxira. "Zuzenean kontatzen dena ez da literatura", hasi du azalpena Joxean Agirrek (Azpeitia, 1949). "Zeharka kontatzen dena, zirriztutik kontatzen dena, hori da literatura. Solteroen dantzalekuak nobelan, esaterako, protagonistari buruz kontatzen dena emazteak kontatzen du, edo Madrilgo irudi enpresak kontatzen du. Neskak zirriztutik jarraitzen du ertzainen elkarrizketa eta...". Eta, bat-batean, hortxe eten du esaldia, "itxoin-itxoin", zalantza tanta bat aurpegian. "Ez, ez, ez, barkatu, azken hori beste istorio batekoa da, hori oraingoa da". Idazten hasia den hurrengo liburukoa, alegia. Duela hamar urte inguru hartu zuen erretiroa kazetari lanetik, eta ordutik "idazle bizitza" daramala dio: idazteko ordu batzuk hartzen ditu goizero, irakurtzeko arratsaldeak, eta gustura. Dedikazio horren emaitza dira azken hiru urteotan Elkar argitaletxearekin kaleratutako eleberriak: Nobela errealista bat (2020), Distira eta alderantzia (2021) eta Solteroen dantzalekuak (2022).

Eta nola doa "idazle bizitza"?

Oso diferentea da kotxean elkarrizketa bat egitera zoazela koadernoa ireki eta gauzak apuntatzea bolantean, edo egunero lau ordu edukitzea goizean eta irakurtzeko edukitzea arratsaldea. Nobela bat martxan dagoenean, kasik-kasik, barruan sartzen zara. Barruan bizi zara. Juan Jose Millas idazleari irakurri nion zutabe batean gauza bat oso polita; esaten zuen bere herrian bazegoela tipo bat bete-betea ez zena, konponketak egitera dedikatzen zena. Behin esan zioten oilategi bat egiteko, eta egin zuen: utzi zuen oiloak ateratzeko zuloa, eta, gero, teilatua egiten ari zela konturatu zen aterik ez zuela egin, eta barruan gelditu zen. Guri antzeko zerbait ez ote zaigun gertatzen. Sartzen zara nobelan, joaten zara egiten, bukatzen duzu, eta atera ezin. Eta, gainera, ez duzu atera beharrik ere.

Prosak berak eramaten ditu zure liburuak.

Posible da. Azken batean, gaia, trama edo egitura parte minimoa dira, eta estiloa edo ahotsa da denbora eskatzen duena. Goiz batzuetan ateratzen da, eta beste batzuetan ez da ateratzen, eta ateratzen ez denean disimulatu egin behar da, eta jardun.

Lehendakarigai izateko hautagai den gizon baten nondik norakoak dira Solteroen dantzalekuak eleberriko gaia. Hondoan, ordea, konstantea da gizontasunaren gaia, eta, zehazki, hauskorra den gizontasun batena, mehatxupean sentitzen dena.

Uste dut hori nobela guztietan dagoela. Lehen, diskurtso bat nuen horren inguruan, baina galdu egin zait. Baina bai, oso hauskorra da gizontasun hori, eta, aldi berean, tradizio baten barruan sartzen da. [Italo] Svevotik hasita, eta [Samuel] Becketten gauza batzuetan ere bai, nik ikusten dut gizonezko pertsonaia hau literatura moderno osoa ari dela gurutzatzen, eta nigan esajeratuagoa da: pena pixka bat emateko modukoa, baina aldi berean samurra.

Hain justu: ia parodikoa da eleberriko protagonista, baina oso samur hartzen duzu.

Lehen pertsonan idaztean, kasik-kasik zeure buruarekin identifikatzen duzu narratzailea. Eta bai baina ez. Behin, kritikari feminista batek gizontasun toxikoaz kristoren diskurtsoa sartu zuen, eta ez ninduen aipatzen ni bakarrik, esaten zuelako hori zela euskal literaturan behin eta berriz errepikatzen zen zerbait. Ez nuke inondik inora esango pertsonaia hau, literaturan etengabe agertzen den gixajo hori, toxikoa denik, baina bueno. Antiheroia da, baina erabat galtzailea ere ez da; ez da pesimista erabatekoa, baina ez du askorik sinisten; pena ematen du, baina dramatismorik gabe... Idazteko modu antisolemnea da hau. [Augusto] Monterrosok eta bestek erabili izan dute termino hori Mexikoko literaturan kokatzeko beren burua: handiusteko literaturaren kontrako jarrera bat da. Nik uste dut hor kokatzen direla nire pertsonaia horiek.

Eroso zaude solemnitatearen aurkako literatura horretan?

Bai. Eta oso zaila da hor diskurtso handiak topatzea, ez bada barre egiteko.

(Irakurri elkarrizketa osoa Berriaren webgunean)