Euskara ikasteko saioak emango dituzte Udal Euskaltegian udan

Ihintza Elustondo 2022ko eka. 13a, 09:00
Azpeitiko Udal Euskaltegiaren sarrera.

A1 mailatik C1 mailara arteko ikastaroak emango dituzte uztailetik irailera bitartean Udal Euskaltegian, doan. Ekainaren 17ra bitartean eman behar da izena.

Euskara ikasteko edo maila hobetzeko ikastaroak emango dituzte udan Udal Euskaltegian. A1 mailatik C1 mailara arteko saioak jaso ahal izango dira aurtengoan. Ekainean, uztailean eta irailean izango dira eskolak; mailaren arabera, sasoi ezberdinetan. Aurten, lehen aldiz, euskaraz ez dakitenentzako A1 mailako eskolak emango dituzte udan, eta C1 mailako saioak aurrez aurre nahiz online jaso ahal izango dira.

B2 eta C1 mailetako eskolak egunero emango dituzte, eta bost orduko saioak izango dira, 09:00etatik 13:15era. Ekainaren 20an hasiko da ikastaroa, eta uztailaren 20an amaitu; 105 ordu izango dira, guztira. C1 maila online ikasi nahi dutenek ekainaren 27an hasiko dituzte saioak, eta irailaren 23an amaitu. Zazpi astez jasoko dituzte eskolak ikasle horiek: lau astez ekainean eta hiru astez irailean. C1 mailako ikasleek bederatzi ordu eskaini beharko dizkiote bakarkako lanari, eta astean tutoretza ordu bat jasoko dute; guztira, 70 orduko ikastaroa izango da. A1 mailako ikastaroa aurrez aurre egin nahi dutenek, bestalde, egunean hiru orduz jasoko dituzte eskolak, 09:00etatik 12:15era; ekainaren 20tik uztailaren 22ra eta irailaren 1etik 23ra jasoko dituzte saioak. A1 maila osoa egiteko aukera ematen du ikastaroak; guztira, 120 orduko iraupena izango du.

Euskaraz ikastea doakoa

Udal Euskaltegiko gainontzeko ikastaroetan bezala, azpeitiar ikasleek eskolak doan jasotzeko aukera izango dute, saioen %85era joanez gero. Gainera, langabetuek edo egoera zaurgarrienetan dauden herritarrek ez dute dirua aurreratu beharrik izango. Izena eman edo informazio gehiago eskuratu nahi duenak Udal Euskaltegira jo dezake, 943-81 19 47 telefono zenbakira deituta. Ekainaren 17ra –ostirala– bitartean eman behar da izena.