Hogeita bost orduko laneguna

Juan Luis Zabala (Gipuzkoako Hitza) 2022ko eka. 3a, 15:03

Juan Luis Zabalak Gipuzkoako Hitzarako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Egunero ikusten ditugu irudi latzagoak, erdiragarriagoak, baina duela hamar bat egun, astegun buruzuri batez eguerdi partean, Gipuzkoako errepide batean ikusi nuena, berez hain tragikoa edo dramatikoa ez izanagatik ere, aparteko indarrez geratu zait iltzatua burmuinean.

Bidean konponketa bat egiten ari zirenez, errei bat moztuta zegoen 300 bat metroko tartean, eta errepidera aterata zegoen langile batek —gizonezko gaztea— autoa geldiarazi zidan, beste noranzkoan zihoazen autoak igaro arte, pasatzeko debekua adierazten duen trafiko-seinale zuri-gorria erakutsiz, beste aldean aurrera nondik jo adierazten duen zuri-urdina izaten duten horietakoa. Kontua da seinale zuri-gorria erakusten zidan bitartean, zuri-urdina erakutsi arteko tarte laburrean, ikusi ahal izan nuela trafiko-seinaleaz gain jaten ari zen ogitartekoari ere eusten ziola langile gazteak esku batekin, eta beste eskuarekin barruan edariren bat zeukan plastikozko ontzi bati. Lan egiteari utzi gabe ari zela bazkaltzen, alegia.

Egun bakarrean 25 lanordu egin zuen langilearen istorioa etorri zitzaidan burura, garai batean oso anekdota ezagun eta aipatua Azkoitian. Langile hark, kondairak dioenez, egun osoa eman zuen lanean, jateko zeukan atseden-tartean ere gelditu gabe, eta horregatik 25 lanordu kobratu omen zituen, edo kobratzea eskatu bederen, egun hartan egindako lanaren ordain gisa. Ez zuen halakorik egiterik izango niri errepidean egokitu zitzaidan langileak.

Jarraitu artikulua irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.