Sanjuandegiko festak 2022

Gora Xanjuandei, eta gora Mantangorri!

Leire Betegi (Sanjuandegiko festetako pregoilaria) 2022ko eka. 1a, 12:20

Leire Betegi Sanjuandegiko jaietako pregoilariak Uztarriak Sanjuandegiko festak direla-eta kaleratu duen egunkariko idatzitako edukia da honako hau.

Urtebete nuela etorri nintzen Sanjuandegi auzora bizitzera, eta harrezkero, Sanjuandegiko bizilaguna eta auzotarra naiz. Haurtzaroa auzoan igaro nuen, bertako lagunekin eta auzotarrekin; ume mordoa elkartzen ginen, eta egia esan, jolaserako ere zelai ederrak genituen inguruan.

Nerabezaroan herriguneko kaleetara joaten ginen astebukaeretan; han elkartzen ginen herriko gazteak, baita kanpokoak ere. Lehen parrandak eta festak Azpeitiko kaleetan gozatu nituen. Gogoratzen naiz gaztea nintzen garai haietan Sajuandegin festak ospatzen zirela. Oker ez baldin banago, auzoko tabernariek antolatzen zituzten jaiak. Asteburu batean izaten ziren, baina gu, auzoko gazteok, herrigunera joaten ginen festara, ez baikenuen auzoan bertan gelditzera gonbidatu gintuen ezer aurkitu. Hori bai, asteburu hartan, herriguneko tabernak ixtean, Azpeitiko gazte guztiok Sajuandegira etortzen ginen, eta auzoan errematatzen genuen egun hartako parranda.

2008an, auzoko gazte batzuk elkartzen hasi ziren, festak indarberritzeko eta berpizteko asmoz. Horien helburua zen auzoko gazteak jaietan auzoan bertan gelditzea, eta inguruetako gazteak ere auzora hurbilaraztea. Horretarako, gogor ekin zioten lanari.

Ez nago ziur noiz etorri zen lehen aldiz gure Mantangorri maitea auzora, baina ustez, 2010ean izan zan. Mantangorriren etorrerak indar berezia eman zien festei; identitatearen pareko zerbait da auzoko Amona Mantangorri.

Mantangorriren lehen etorreran maskota aurkezteko eta hari ongietorria emateko gonbidapena jaso nuen. Lotsak eta beldurrak tartean izanagatik, animatu nintzen, eta harrezkero, hor aritzen naiz festen hasieran Mantangorriri ongietorria ematen, eta jaien bukaeran hurrengo urtean berriro etortzeko gonbidapena luzatuz agurtzen.

Pozez betetzen nau, urtetik urtera, Mantangorriren etorreran gero eta jende gehiago ikusteak: adin guztietako auzotarrak, azpeitiarrak eta inguruko herrietakoak, eta batez ere gure txikienak. Ikusi besterik ez dago zenbat maite duten Mantangorri, eta zer ilusiorekin ematen dioten hari ongietorria.

Sanjuandegiko festak Azpeitiko herriko festak dira, auzoko esentzia xumea mantentzen duten jaiak. Herritar guztiok dakigu noiz etorriko den Mantangorri auzora, eta egun baten edo gehiagotan hor izaten gara auzoko festak elkarrekin partekatzen, azpeitiarroi asko gustatzen baitzaigu festa giroa, kaleko saltsa eta anbientea. Beraz, azpeitiar guztioi Sanjuandegira etortzeko eta 2022ko festez gozatzeko gonbidapena egiten dizuet. Gainera, aipamen berezia egin nahi diet festak antolatzen aritu diren eta ari diren auzoko gazteei: eskerrik beroena eta zorionik handiena zuentzat. Mila esker, gozatu festak giro jatorrean! Gora Xanjuandei, eta gora Mantangorri!