Anai-arrebek ere badutelako zer esan

Mailo Oiarzabal 2022ko mai. 26a, 10:25
Ane Agiriano eta Irune Boo. (Mailo Oiarzabal)

Adimen desgaitasuna duten pertsonen anai-arrebei zuzendutako lehen topaketak antolatu ditu Atzegik, elkar ezagutzeko eta bizipenak partekatzeko. Azpeitian egingo dute horietako bat, eskualdeko anai-arrebei zuzenduta, ekainaren 2an.

"Anai-arreben papera aldarrikatzea. Beste anai-arrebekin bizipenak partekatzea. Zalantzak argitzea, lasaitzea, izan daitezkeen beldurrak kentzea". Helburu horiek aipatzen ditu Atzegik, adimen urritasuna duten pertsonentzako Gipuzkoako elkarteak, lehen aldiz antolatu dituen anai-arreben topaketak iragartzeko afixetan. Hiru hitzordu finkatu ditu, momentuz, elkarteak, eta Azpeitian izango da horietako bat: gaur zortzi, ekainaren 2an, Basazabalen elkartuko dira adimen urritasuna duten pertsonen anai-arrebak, 19:00etan. Izena eman nahi dutenek 943-42 39 42 telefonora deitu edo atzegizale@atzegi.eus helbidera idatzi behar dute.

Aipatutako karteletan "tailer" hitza erabili du elkarteak, baina "topaketa" egokiagoa dela azpimarratu nahi dute Irune Book (Azpeitia, 1989) eta Ane Agirianok (Azpeitia, 1993). "Zerbait informala izango da, ez da hitzaldi bat, ezta tailerra ere. Elkartzeko eta bizipenak partekatzeko tartea izatea nahi dugu, eta mokadutxoa ere jarriko dugu", dio Book.

Gurasoak bakarrik ez

Arreba eta ahizpa, hurrenez hurren, Atzegik egitasmo berrian parte hartzera gonbidatu nahi dituen anai-arreben multzokoak dira Boo eta Agiriano. "Atzegirentzat familiek dute garrantzia, baina familietaz ari garenean gurasoengan zentratu izan gara beti. Urteen poderioz, konturatu gara anai-arrebok ere badugula zer esan. Anai-arreben figura indartu nahi da, nolabait, Atzegin ez ezik, baita antzeko beste elkarteetan ere", azaldu du Book topaketen iturriaz.

"Gurasoen rola garrantzitsua da, baina gurasoek askotan kontatu izan dizkiete elkarri beren esperientziak. Zergatik ez egin gauza bera anai-arrebon artean?", dio Agirianok. Joan den azaroan, Paco Bernal margolari zenaren eta haren arreba Rosaren bizipenetan oinarritutako Un año más filma eman zuten Azpeitian, eta Atzegin elkartzen diren hainbat familia batu ziren, besteak beste, emanaldi hartan. Agirianok dio han piztu zitzaiola orain egingo duten topaketa baten moduko zerbaiterako "gogoa": "Anai-arrebon artean beste emozio batzuk sortu zirela uste dut, eta batzuk beren esperientziak kontatzen hasi ziren".

Ekainaren 2an Urola aldeko ahalik eta anai-arreba gehien elkartzea nahi dute topaketaren sustatzaileek, eta adimen urritasuna dutenen anaia, ahizpa edota arreba guztiak animatu nahi dituzte. "Badakigu familia bakoitzak bere prozesuak eta bizipenak dituela, eta anai-arreba bakoitzak ere bereak ditu. Oso desberdinak izan daitezke batzuenak eta besteenak, eta denborarekin aldatzen joan daitezke, baina guztiak errespetatu behar dira", azpimarratu du Book, "anai-arreba perfektuaren" rola aldarrikatzeko asmotik urruti dabiltzala esateko eta bizipen desberdin guztiek "komunean asko" dutela sinetsita. Elkarri entzutea eta anai-arreben figura aldarrikatzea nahi dute orain.