Buru osasunari buruzko lehen saioa, bideoan

Julene Frantzesena 2022ko mai. 23a, 10:42

Xabier Lertxundi Osameneko psikiatrak eta Iñigo Antsorregi depresioa izandako gazteak solasaldia eskaini zuten joan zen ostegunean, eta hitzaldia bideoan jaso du Azpeitiko Udalak. Bigarren saioa ostegunean izango da.

Osasun mentalari buruzko jardunaldietako lehen saioa bideoz jaso du Azpeitiko Udalak. Xabier Lertxundi Osameneko psikiatrak eta Iñigo Antsorregi depresioa izandako gazteak solasaldia eskaini zuten joan zen ostegunean, Azoka Plazako aretoan, 80 bat herritarren aurrean. Suizidioa eta depresioa gai hartuta aritu ziren hizketan –bideoan ikus daiteke solasaldi osoa–.

Buru osasunaren inguruko jardunaldietarako hiru saio antolatu ditu udalak, eta bigarrena ostegunean, maiatzaren 26an, izango da, 18:00etan, Azoka Plazako aretoan. Agustin Erkizia eta Eva Bilbao Biziraun elkarteko kideak izango dira hizlariak, Suizidioa prebenitu, bizitza sustatzeko gai hartuta. Ekainaren 2an, ostegunean, suizidioaz mahai ingurua egingo dute Aitziber Garmendiak eta Garbiñe Larreak, Ihintza Elustondo kazetaria moderatzaile dela.