Atzerritartasunaren inguruko informazio saioa emango du udalak maiatzaren 23an

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 19a, 08:30

(Argazkia: Pixabay)

Atzerritik Azpeitira etorri berri direnei zuzenduta, informazio saioa izango da datorren astelehenean, 15:00etatik 17:00etara, Azoka Plazako aretoan. Edukiera mugatua izango denez, aurrez izena ematea komeni da.

Munduko hainbat txokotatik Azpeitira etorri berri direnei zuzenduta, atzerritartasunaren inguruko informazio saioa emango du Azpeitiko Udalak. Saioa abokatu batek bideratuko du, eta besteak beste, atzerritartasun arautegiari buruzko azalpen orokorrak emango dituzte, baita egoitza baimenaren, lanerako nahiz bizitzeko baimenaren, familia elkartze baimenaren eta baimenen berritzearen inguruko xehetasunak azaldu ere.

Hitzaldia maiatzaren 23an, astelehena, izango da, 15:00etatik 17:00etara bitartean, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan. Solasaldia irekia izango da, baina edukiera mugatua izango denez, komeni da aurre izena ematea. Horretarako, 943 55 44 84 telefono zenbakira deitu edo narroita@azpeitia.eus helbidera idatzi behar da.