Urrestillako sanjoanak 2022

Urrestillako sanjuanetako pilota jaialdiak badu kartela

Mailo Oiarzabal 2022ko mai. 17a, 15:28
Txikuri pilotalekua. (Mailo Oiarzabal)

Jokin Altunak Etxeberriaren edo Irribarriaren kontra jokatuko du, lau eta erdiko San Fermin Txapelketaren barruan; eta Etxeberriak edo Irribarriak Zabaletarekin bikotea osatuko dute, Ezkurdia-Martijarekin indarrak neurtzeko. Ekainaren 17an izango da jaialdia, 22:00etan hasita.

Beste hainbat ohiko hitzordu bezala, Urrestillako esku pilota jaialdi profesionala ere aurten itzuliko da, bi urtez egin gabe gelditu ondoren. San Juan jaien inguruan egingo dute aurten ere, ekainaren 17an, eta Aspe enpresako puntako pilotariekin osatu dute kartela, beste behin, Urrestillako antolatzaileek. 22:00etan hasiko da jaialdia Txikuri pilotalekuan.

Lau eta erdiko partida bat eta binakako beste bat programatu dituzte. Beraz, sei pilotari ariko dira guztira Txikurin, seiren izenak jakinarazi dituzte, baina oraindik ezin da jakin guztiz partida bakoitzaren protagonistak zein izango diren. Izan ere, San Fermin Txapelketaren barruko partida izango da Urrestillan jaialdia irekiz jokatuko den lau eta erdikoa, eta Jokin Altuna izango da protagonistetako bat; Amezketakoaren aurkaria, berriz, Peio Etxeberria edo Iker Irribarria, txapelketaren aurreko jardunaldian bi horiek elkarren kontra lehiatuko baitira. Eta lau eta erdiko partidaren osaketak baldintzatuko du binakako partida ere: Etxeberriak edo Irribarriak osatuko dute bikotea Jose Javier Zabaletarekin, Joseba Ezkurdiaren eta Julen Martijaren kontra aritzeko.

Ekainaren 17ko pilota jaialdirako sarrerak nahi dituenak Bixker erretegira jo behar du.