Ekindarreko bazkideek ekainaren 30a bitartean eskatu ahal izango dituzte udalaren dirulaguntzak

Julene Frantzesena 2022ko mai. 16a, 14:52

Eguzki plakak.

Bazkideek jaso ahal izango duten dirulaguntza orokorra 500 eurora artekoa da, bazkidetzerakoan egindako ekarpenaren %50a jasoko baitute horiek. Dena den, egoera ekonomiko zailean dauden herritarrek laguntza handiagoa eskuratu ahal izango dute; gehienez, mila eurokoa. Dirulaguntza eskaerak Herritarren Arreta Zerbitzuan edo Azpeitiko Udalaren webgunean egin ahal izango dira.

Azpeitiko Udalak dagoeneko ireki du Ekindar energia kooperatibako bazkideentzako dirulaguntza lerroa, eta horiek ekainaren 30era arte izango dute eskaera egiteko aukera. Bazkideek jaso ahal izango duten dirulaguntza orokorra 500 eurora artekoa da, bazkidetzerakoan egindako ekarpenaren %50a jasoko baitute horiek. Dena den, egoera ekonomiko zailean dauden herritarrek laguntza handiagoa eskuratu ahal izango dute; gehienez, mila eurokoa.

Eskaerak udaletxeko lehen solairuan egin ahal izango dira, Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) hain zuzen ere, baina udalaren webgunearen bidez ere egin ahal izango dira. Dirulaguntza eskatzeko bazkidearen NAren kopia, kontu korrontearen titularitatea egiaztatzen duen ziurtagiria eta Ekindarreko bazkide ziurtagiria (kontratua sinatzean jasotakoa) aurkeztu beharko dituzte bazkideek. Astelehenetik asteazkenera eta ostiraletan 07:30etik 14:30era izango da zabalik HAZ, eta ostegunetan, berriz, 07:30etik 19:00etara.

Dirulaguntzarekin energia trantsiziorako pausoa eman eta herrian sortutako energia kontsumitzeko apustua egin duten herritarrek lagundu nahi dituela azaldu du udalak.

Bazkide egiteko aukera

Ekindar kooperatibako bazkide egiteko aukera zabalik da oraindik ere. Gaur-gaurkoz 450 bat lagunek gauzatu dute energia kooperatibarako bazkidetza, baina udalak azaldu duenez, beste ehun bat familiarentzat lekua dago oraindik ere.

Proiektura atxikitzeko interesa dutenek Goikokaleko 2. zenbakian kokatuta dagoen bulegora jo behar dute. Astelehenetik ostiralera goizero egongo da zabalik bulegoa, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Arratsaldez, berriz, astelehenetan eta asteazkenetan irekiko dute, 16:00etatik 18:30era bitartean.

Bestalde, baina, Internet bidez Ekindar.eus webgunean ere has daiteke bazkidetza prozesua, txosten pertsonalizatua eskatuta.