Askotariko doinuekin ekin diote Juan Antxietakoek adin eta generorik gabeko aste musikalari

Maialen Etxaniz 2022ko mai. 14a, 11:33

Perkusio, txistu, trikiti, pandero eta gitarra doinuak entzun ahal izan ziren atzo arratsaldean Sanagustin kulturgunean, Juan Antxieta musika eskolak antolatutako adin eta generorik gabeko aste musikalaren barruan. Antolatutako bost emanaldietatik aurrenekoa izan zen atzokoa. 

Juan Antxieta musika eskolako kideek hainbat emanaldi antolatu dituzte adin eta generorik gabeko aste musikalaren barruan, eta atzo ekin zieten saioei. Hain zuzen, perkusio, txistu, trikiti, pandero eta gitarra ikasleen txanda izan zen atzo, eta 19:00etatik aurrera eskaini zuten emanaldia. Horren aurretik kalejira egin zuten Alde Zaharrean. 

Datorren asteartean, maiatzaren 17an, izango da hurrengo saioa. Kasu horretan, biolin jotzaileen txanda izango da; 19:00etan eskainiko dute emanaldia, Sanagustin kulturgunean. Hurrengo egunean, asteazkenean, bi saio izango dira, Sanagustin kulturgunean: 18:00etan, flauta, saxofoia eta klarinetea joko dituzte, eta 19:30ean, piano jotzaileen txanda izango da. Ostegunean, musika eskolako eta Musikeneko metalak entzun ahal izango dira, 18:30etik aurrera, leku berean. Ostiralean, bestalde, ahotsen txanda izango da; 19:30ean hasiko da saioa, Sanagustinen bertan