Zientzia eta teknologia arloko emakume ikasleentzako beken laugarren edizioa martxan du Sarrallek

Mailo Oiarzabal 2022ko mai. 14a, 09:01
(Pixabay)

Datorren ikasturtean zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika karreretan (STEM) edo ADEn eta beste espezialitate batean gradu bikoitza egin asmo duten 18 eta 25 urte bitarteko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emakumeak aurkez daitezke Sarralle Grow bekara. Ikasturteko mila euroko bi beka emango ditu Sarrallek aurten ere, eta eskaerak aurkezteko epea uztailaren 22an itxiko da.

Sarralle enpresak martxan jarri du Sarralle Grow izeneko urte anitzeko beka programaren laugarren edizioa. Helburu bikoitza dute Azpeitiko enpresak 2019an sortutako beka horiek: batetik, neska gazteen artean sektore zientifiko eta teknologikoetan bokazioak pizten laguntzea, neskak ikasketa zientifikoak egitera bultzatuz; eta emakumeek zuzendaritza eta erantzukizun postuetan duten presentzia handitzea, bestetik. Horiekin batera, arazo ekonomikoak dituzten familiei laguntzea ere bada deialdiaren asmoetako bat, "beren alaben unibertsitate ikasketen alde egin dezaten".

Datorren ikasturtean zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika karreretan (STEM) edo ADEn eta beste espezialitate batean gradu bikoitza egin asmo duten 18 eta 25 urte bitarteko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emakumeak aurkez daitezke Sarralle Grow bekara Sarrallek mila euroko laguntza emango die onuradunei ikasturte bakoitzeko, eta enpresaren ingeniaritza eta korporazio sailetan ordaindutako praktikak egin ahal izango dituzte horiek uda sasoian, baita Gradu Amaierako Lanak enpresan bertan gauzatu ere.

Ikasturteko mila euroko bi beka emango ditu Sarrallek aurten ere, eta eskaerak aurkezteko epea uztailaren 22an itxiko da. Enpresaren webguneko Career atalean jarri dituzte Sarralle Grow beka programaren oinarri osoak, baita eskaerak aurkezteko inprimakia ere. Irailaren 7ra arteko epea izango dute eskatzaileek inprimaki horretan eskatzen den dokumentazioa entregatzeko; posta elektronikoz ere bidali ahal izango dute,  seleccion@sarralle.com helbidera, Grow Bekak adieraziz. Hautatutakoen izenak 2022ko irailaren 22an jakinaraziko dituzte.