Dena prest dute hilaren 14an egingo den Domusa Teknik 40 MLK probaren lehen ediziorako

Anartz Izagirre 2022ko mai. 6a, 16:56
Domusa Teknik 40 MLK lasterketaren antolatzaileak eta babesleak, atzo, Azoka Plazan egindako aurkezpenean. (Anartz Izagirre)

Maiatzaren 14an, larunbata, izango da Domusa Teknik 40 MLK proba, eta Azpeitian hasi zein bukatuko da. Atzo, osteguna, egin zuten aurkezpena Azoka Plazan, eta bertan izan ziren antolatzaileak, babesleak zein hainbat parte-hartzaile. 420 dortsal inguru banatuko dituzte, eta horietatik 67 partaide azpeitiarrak izango dira –61 gizon eta sei emakume–. Marea Urdinak, bestalde, Anoa Gune Urdina deituriko postua jarriko du Ikasberri Ikastolan, eta egun osoko egitaraua antolatu du.

Astebete eskas besterik ez da falta Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako Domusa Teknik 40 MLK probaren lehen ediziorako. Atzo, osteguna, egin zuten lasterketaren aurkezpen ofiziala Azoka Plazan, eta bertan izan ziren Lagun Onak Mendi Bazkunako Iker Ezama, Domusa Teknik enpresako Arkaitz Aizpurua, Bidania-Goiazko alkate Agurtzane Zelaia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuko teknikari Maria Jose Paredes, Euskal Mendizale Federazioko kide Zigor Egia eta Marea Urdinako kide Aritz Orbegozo. Ihintza Elustondo kazetariak gidatu zuen aurkezpena, eta probaren nondik norakoen berri eman zuten hizlariek.

Datorren larunbatean egingo dena 65 kilometroko proba izango da, eta Domusa Teknik enpresa da haren babesle ofiziala; hortik dator probaren izena. Azpeitian hasi –08:00etan– eta amaituko bada ere –18:30ean dago amaiera aurreikusita–, beste hiru herri zeharkatuko ditu probak: Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama. Mendi tontorrei dagokienez, berriz, Arroita edo Arauntza (612 metro), Sañu (616 metro), Gazume (1.002 metro), Hernio (1.078 metro), Murumendi (868 metro), Izazpi (973 metro), Hiruarrieta edo Samiño  (933 metro) eta Xoxote (912 metro) igaro beharko dituzte parte-hartzaileek. 7.400 metroko desnibel metatuta izango du lasterketak; hau da, 3.700 metro goranzko edo positibo, eta beste horrenbeste beheranzko edo negatibo izango ditu.

Partaide kopuruari dagokionez, berriz, 420 dortsal banatuko dituzte. Ezamak aurkezpenean adierazi zuenez, azaroaren 18an ireki zuten proban izena emateko epea, eta 23 ordutan amaitu ziren dortsal guztiak. Bestalde, Euskal Mendizaleen Federazioak Euskadiko Ultra Txapelketa izendatu du Domusa Teknik 40 MLK probaren lehen edizioa, eta antolakuntzak ezarrita zuen 400 partaideko muga apur bat igo da federazioaren bitartez parte hartuko duten lasterkariengatik. Lasterketan parte hartuko duten azpeitiarren kopuruaren berri ere eman zuen Ezamak; guztira, 67 herritar izango dira proban, eta horietatik sei izango dira emakumeak. Horrez gain, 24 azkoitiar izango dira –horietatik bi emakumeak–, eta Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama batera kontuan hartuta, beste bi lasterkari ere bai. Guztira, 420 dortsaletatik 36 izango dira emakumeenak, eta 382 gizonenak.

Proba antolatzera animatu diren boluntarioen kopuruak "sorpresa" eragin diela azaldu zuen Ezamak: "Jendea laguntzeko prest agertu da hasiera-hasieratik, eta horrek lanean gogor jarraitzeko indarra eman digu. 300dik gora boluntario izango ditugu bai ibilbidean zehar, baita herriko hainbat langintzetan ere".

Izen handiko partaideak

Domusa Teknik 40 MLK proban Euskal Herriko zein nazioarteko punta-puntako lasterkariek parte hartuko dute, eta Ezamak horietako batzuen berri eman zuen atzo. Alde batetik, Jone Urkizu eta Joxelu Albizuri aipatu zituen, horiek proiektuan ere parte hartu baitute. Bestalde, honako partaide hauek izango dira proban, beste hainbaten artean: Aritz Egea, Pere Aurell, Maite Maiora, Oihana Azkorbebeitia, Amaia Razkin, Lur Basterretxea, Oihane Perez, Arantzazu Larrañaga, Elixabete Ursua, Iñigo Arantzamendi, Goar Lopetegi, Hodei Lujanbio, Adur Mendizabal eta Arkaitz Iturriagaetxebarria. Eskualdeko hainbat kirolari ere izango dira: Leire Baraibar zumaiarra, Uxoa Irigoien getariarra, Borja Zubizarreta azkoitiarra, Unai Zialtzeta zein Ibai Etxeberria azpeitiarrak, eta Azpeitiko bizilagunak diren Aitor Mimenza eta Josu Imaz. Gainera, Imazek 1 zenbakidun dortsala eramango du proban, bera izan baitzen joan zen urtean antolatu zuten lasterketaren irabazlea.

Proiektuaren sorrera ere izan zuen hizpide Ezamak. Haren arabera, Lagun Onak Mendi Bazkunaren 75. urtemuga zela-eta zerbait berria egitea otu zitzaion elkarteari, eta Ultra distantziaren aldeko apustu egitea erabaki zuten. Behin babeslea topatuta, herritarren parte-hartzea sustatzen hasi ziren antolatzaileak. Hala azaldu zuen Ezamak: "Garbi genuen ez genuela lasterketa bat soilik izatea nahi. Honek herriaren parte-hartzea eta bailarako herri txikiekin elkarlanean egindako proiektu bat izan behar zuen, turismoa eta bertako produktuak sustatzeko balioko zuena. Beraz, Errezilekin, Bidania-Goiatzekin eta Beizamarekin bat egin genuen proiektuaren hasieran". Ibilbidean zehar gune esanguratsuek egon behar zutela ere argi zuten antolatzaileek. Hori dela eta, bailarako hainbat txoko garrantzitsutatik igaroko da proba; Madalenako baselizatik, Loiolako basilikatik, Munoaunditik, Izarraizko Atea parketik, Zelatungo bordetatik, Bidania-Goiatzen dagoen Gipuzkoako baserririk altuenetik eta Beizaman dagoen Gipuzkoako erdigunetik, kasu.

Probak, hainbat balio

Ezamak adierazi zuen berdintasunaren aldeko apustua egin nahi izan dutela, eta neskei zein mutilei sari berberak emango dizkietela. Proban 36 emakumek izena ematea ez dela "datu txarra" adierazi zuen hark, baina hurrengo ediziorako "apustu handiagoa" egiteko nahia dutela jakinarazi zuen, neska gehiago erakartzeko intentzioarekin. Birziklapenari ere garrantzi eman nahi izan diote antolatzaileek, eta Urola Erdiko Mankomunitatearekin elkarlanean dabiltza horregatik. Anoa gune guztietan hondakinak sailkatzeko ontziak jarriko dituzte, eta plastikozko edalontzirik ez dute jarriko; beraz, korrikalariek beren edalontzia eraman beharko dute. Kafea edo salda hartzeko soilik erabiliko dituzte edalontziak, eta horiek konpostagarriak izango dira. Bestalde, balizak ere berrerabilgarriak izango dira; horiek, gainera, eskualdeko bost ikastetxetako ikasleek eta Gautenako kideek egin dituzte.

Segurtasunari dagokionez, alde batetik Gurutze Gorriaren eta Azpeitiko Suhiltzaileen laguntza izango dute Domusa Teknik 40 MLK proban, eta, bestetik, ibilbidean hainbat aldaketa egin dituzte segurtasuna hobetzeko. "Zenbait gune aldatu ditugu egoera txarrean zeudelako, eta ibilbideko zati konplikatu batean egurrezko posteak eta soka jarri ditugu bertatik jaistea errazago izan dadin. Hala ere, lasterkari denei gomendatuko genieke toki zail horietan pazientzia pixka bat eduki dezaten aurretik beste korrikalariren bat baldin badoa", azaldu zuen Ezamak.

Babesleek, eskerrak

Domusa Teknik enpresako Arkaitz Aizpuruak, bestalde, babesletzaren berri eman zuen: "Ikusi genuen guk bete nahi genituen helburuak ondo egokitzen zirela proba honetan". Datorren astekoa "lasterketa bat baino gehiago" izango dela azaldu zuen Aizpuruak, eta adierazi zuen Domusako 80 boluntario arituko direla lanean egun horretan.

Agurtzane Zelaia Bidania-Goiazko alkateak adierazi zuen lasterketa "aukera ona" dela "herri txikiak bistarazteko", eta eskerrak eman zizkien antolatzaileei. Maria Jose Paredes Aldundiko Kirol Zerbitzuko teknikariak, bere aldetik, Domusa Teknik 40 MLK proba "kirol balioak sustatzeko aproposa" izango dela nabarmendu zuen, eta beste arlo batzuetan ere eragina izango duela azaldu zuen; esaterako, ekonomian. Paredesek, bestalde, eskertu egin zuen Gazume gailurrak Aldundiaren Emakumeok Mugimenduan egitasmoaren izena edukitzea.

Euskal Mendizaleen Elkarteko Zigor Egiak, berriz, Domusa Teknik 40 MLK proba Euskadiko Ultra Txapelketa zergatik hautatu zuten azaldu zuen aurkezpenean: "Ulertu genuen lasterketa berri hau bultzatu egin behar genuela eta erabaki genuen Euskadiko Ultra Txapelketa izendatzea. Lasterketa polita da, bere balioak ere federazio honen balioekin bat datoz".

Anoa Gune Urdina

Lagun Onak Mendi Bazkunak lasterketaren bidez bultzatu nahi duen beste balioetako bat inklusioa izan da proiektuaren hastapenetatik, eta horren erakusle da Marea Urdinaren parte-hartzea. Lasterketaren egunean, 11:00etatik 18:30era bitartean Anoa Gune Urdina jarriko dute Ikasberri Ikastolaren ondoko aparkalekuan, eta hainbat ekintza egingo dituzte bertan; esaterako, puzgarriak izango dira, sentsibilizazio jolasak eta olatu urdin erraldoia egingo dituzte eta pintxoak zein edariak dastatu ahal izango dira.

Aritz Orbegozo Marea Urdinako kideak gune horren berri eman zuen atzoko aurkezpenean. Izan ere, anoa gune garrantzitsuena kudeatuko du elkarteak, eta Orbegozoko lasterketaren bueltan antolatu dituzten askotariko ekintzen berri eman zuen, besteak beste, Tontor Urdinak egitasmoa izan zuen hizpide, baita bestelako erronkak ere. Horrez gain, Loiolako basilikatik Ikasberri Ikastolara dagoen distantziari Mila Urdina izena jarri diote.

Maiatzaren 14an "dena" emango dutela azaldu zuen Orbegozok, eta eskerrak eman zizkien Anoa Gune Urdina antolatzeko laguntza eman dieten Atracciones Sanzi, euskal produktuak emango dituen Eusko Labeli, kamiseta urdinak egin dituen Domusa Teknik enpresari –horiekin olatu erraldoia egingo dute eguerdian–, eta Egaña gozotegiari, Marea Urdinaren txokolatezko piruletak egin dituelako musutruk. Askotariko sariak ere banatuko dituzte, eta 18:30ean azken korrikalariei animoak emango dizkiete Xoxotera igo aurretik, 20:30ean aurreikusten baita kontrolen itxiera.

Bestalde, herriko hainbat txokotan beste zenbait ekitaldi ere izango dira; esaterako, pintxo jana, DJ-en emanaldiak eta Zetak taldearen kontzertua.

Hona hemen Anoa Gune Urdineko egitaraua:

  • 11:00etatik 18:30era, Atracciones Sanzen puzgarriak.
  • 12:00etan, olatu urdin erraldoia. (700 kamiseta urdin dituzte oparitzeko).
  • 12:30ean, lehen korrikalariari ongietorria.
  • 11:00etatik 14:00etara, sentsibilizazio jolasak. (Egaña gozotegiak egindako Marea Urdinaren txokolatezko piruletak oparituko dituzte).
  • 12:00etatik 16:00etara, pintxoak eta edariak Eusko Labelen eskutik.
  • 16:30ean, #40 MLK Kx2 erronkaren sari banaketa.
  • 18:30ean, azken korrikalariari ongietorria.
  • Egun osoan zehar DJ Kataren musika.

Hona hemen gainontzeko ekintzen egitaraua:

  • 08:00etan, lasterketaren irteera plazatik.
  • 13:30ean, pintxo jana Perez Arregi plazan. (Biltzen den dirua Ukrainako umeei bideratuko zaie).
  • 14:00etan, DJ Refereeren emanaldia Perez Arregi plazan
  • 14:00etan, lehen korrikalariaren iritsiera plazan.
  • 16:30etik 20:30era, DJ Oihan Vegaren emanaldia Perez Arregi plazan.
  • 20:30ean, lasterketaren itxiera plazan.
  • 21:00etan, sari banaketa plazan.
  • 22:00etan, Zetak taldearen kontzertua Sanagustin kulturgunean.

Hona hemen aurkezpeneko bideoa: