Eduki babestua

Haurren eta pantailen arteko harremanaz hausnartzeko guraso tailerrak antolatu ditu Azpeitiko Ikastola Ikasberrik

Uztarria.eus 2022ko mai. 5a, 18:04

Haur Hezkuntzako 3. mailatik Lehen Hezkuntzako 6. mailarako umeen gurasoentzat dira saioak, Miren Ros adituak zuzenduta, eta parte hartu nahi duten pertsona guztiei zabalduta daude. Izena emateko epea maiatzaren 11n itxiko da.

Haurrak eta pantailak. Hori izango da Azpeitiko Ikastola Ikasberrik antolatu dituen guraso tailerretako gaia. Gizarteak, eta Covid-19 gaitzaren ondorioz, haurrek pantaila aurrean denbora gehiegi igarotzen dutela ohartu dira irakasleak eta gurasoak, eta kezka horren aurrean, hausnartzeko eta pausoak emateko garaia dela erabaki du Ikastolak.

Lehenbiziko bi saioak Haur Hezkuntzako 3. mailatik Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleen gurasoei zuzenduta daude, eta maiatzaren 13an eta 27an egingo dira, 17:30etik 19:00etara, Azpeitiko ikastola Ikasberrin.

Haur txikienen gurasoei zuzendutako bi saio horiez gain, ekainean – 3an eta 6ean – LHko 3. mailatik 6. mailara artekoen gurasoen txanda izango da, ordu eta toki berean. Saio guztiak Miren Ros adituak gidatuko ditu.

Informatizatutako gizartearen ondorioz eratorritako arazoa da haurren eta pantailen arteko harremana, izan ere, sakelekoz, ordenagailuz eta bideo jokoz inguratuta daude. “Covid-19a gaitzak arazoa areagotu duela ikusi dugu Ikastolan, haurrek denbora gehiegi pasatzen dutela pantaila aurrean ikusi dugu. Gurasoei galdetegia egin genien, eta kezka berdina agertu zutenez, hausnarketarako guraso tailerrak antolatzea erabaki genuen. Hala, Miren Ros adituaren eskutik aholkuak eta lagungarriak jasotzeko aukera izango dute saioetan parte hartzen duten gurasoek. Kezkak landu eta horiek bideratzen lagunduko du Rosek”, agertu du Azpeitiko Ikastola Ikasberriko HHko zuzendaria den Miren Lazkanok.

Hala, pertsonarengan eta bereziki haurrengan pantailek duten eragina ezagutzeko aukera izango da, eta baliabideak emango dituzte egoera desberdinak etxean nola kudeatu daitezkeen ikasteko. “Ariketen bitartez, kontzientzia piztuko dugu: gure haurrek, txikitatik, teknologiarekin garatzen hasten diren harreman horretan gure arreta jarriaz eta era osasuntsu batean bideratuz”, gaineratu du Rosek.

Saio guztiak Azpeitiko guraso guztiei zabalduta daude, eta parte hartu nahi dutenek maiatzaren 11ra arteko epea dute. Horretarako, honako lotura honetan eman beharko dute izena, 30 euro ordainduta.