Errepidean, bigarren aurkerarik ez

Julene Frantzesena 2022ko mai. 2a, 14:18

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak sustatzen duen eta ikasleei bideratuta dagoen Don't be Dummy/Zuk ez duzu ordezkorik deituriko programaren barruko saioa egin dute gaur Azpeitian. Urola Ikastolako, Iraurgi Ikastetxeko eta Ikasberri Ikastolako DBH 4ko eta Batxilergoko ikasleak izan dira Soreasun, bide segurtasunari, gidatze arduratsuari eta zirkulazio istripuen prebentzioari buruzko saioan. Hainbat testigantza entzun dituzte horiek.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak sustatzen duen eta ikasleei bideratuta dagoen Don't be Dummy/Zuk ez duzu ordezkorik deituriko programak Azpeitian egin du gaur geldialdia. Herriz herri ari dira ikasleei bide segurtasunari, gidatze arduratsuari eta zirkulazio istripuen prebentzioari buruzko saioak eskaintzen, eta gaurkoan Soreasu antzokian izan dira Urola Ikastola BHIko, Iraurgi Ikastetxeko eta Ikasberri Ikastolako DBH 4ko zein Batxilergoko ikasleak.

Lekukotzak izan dira saioaren oinarria, beste urte batez. Izan ere, suhiltzaile batek, udaltzain batek nahiz haurra zela istripua izan eta gaur egun gurpildun aulkian dagoen herritar batek hartu dute hitza. Gainera, bideo bidez testigantza bana eskaini dute anbulantzietako langile batek eta autoak harrapatuta anaia hil zitzaion neska batek. 

Alaitz Arbilla da bizkarrezur-muineko lesioa duelako gurpildun aulkian dagoen eta testigantza eskaini duen emakumea. Hark 4 urterekin izan zuen auto istripua, amarekin eskolara zihoala. Kamioi baten aurka jo zuen ama eta biak zihoazen autoak: "Autoaren atzealdean nindoan segurtasun uhalik eta haurrentzako aulkirik gabe, lehen ez baitzegoen halakorik. Ama zigarro bat hartzen hasi zen, eta konturatu ginenerako kamioi baten aurka jo genuen". Ezbehar hark bizitza goitik behera aldatu ziola nabarmendu du. Errepidean despisteak "oso garesti" ordaintzen direla esan du, halaber, Arbillak, eta ikasleei errepidean "bigarren aukerarik" ez dagoela esan die hark.

(Argazkiak: Nerea Uranga)