Iñaki Segurolaren heriotza

Iñaki Segurolari, hilotz (eta etzanda) dagoen adiskideari

Julen Manterola 2022ko api. 21a, 10:58
Iñaki Segurola. (Ihintza Elustondo)

Julen Manterolak Iñaki Segurola zenari idatzitako gutuna da honako hau.

"Hi Julén, hil ein nauk. Horixe esan nahi nian, besteipe. Buenooooo...".

Hire azken berriak hire ahotik hartuko nituela uste niken, ahots-mezu horietako batean grabatuta. Uste absurdoa, bazakiat, baina zer nahi duk ba, badik logika bat, gure logika; bat egingo ziken holako zerbaitek "laneko" gure solasaldi haiekin.

Ez nauk hemen hasiko nola eta zeren aitzakian ezagutu ginen (badakikena hiri kontatzeak ez dik zentzu handirik, ezta?), ezta hirekin ikasi dudan guzia aletzen ere (hik ere ikasiko huen zerbait nerekin, espero diat).

Urrutixko geratzen hasi dituk, iraganean, Woody Allenen film hura ikustera joan ginenekoa eta beste hainbat gauza. Saint Gaudens, Huesca eta bestetara egiten hituen bidaien kontakizunak, haietan ezagutzen hituen jendeenak. Bide batez, Gillué utzi eta Chillué esaten hasi behar diagu, hori omen duk aragoierazko forma, oraintxe ikusi diat; esaiok Garbiñeri. Eta zenbat jenderen izenak aipatu ditugun urte hauetan, hangoak eta hemengoak, haien esanak eta eginak.

Ondo gogoan diat, bestalde, konturen batean ados egonda ere nola berotu gintezkeen biak eztabaidan, edo baitabaidan, hobeto esanda, bata bestearena berresten. Bukaeran elkarri begiratu –ordura arte ia bakarrizketa paraleloan arituak baikinen– eta batak besteari, barrez, "ze kristo ari gera hemen?".

Iragan horretan, hurbil xamarrean, Parraleko azkeneko "zukkua" ikusten diat, ez hain aspaldi. Nola maite duken hango langileari "zukkua" esaten entzutea, "k" horretan indar eginez bezala, menua zerrendatzen duenean! Azken zukkua Gasteizen, hire hurrengo obrarako izenburua.

Urrunagokoan, berriz, nere aita "ezagutu" huenekoa, Irungo beilatokian: "Enian pentzauko hire aitte etzanda ezautuko nuenik", edo holako zerbait bota huen. Beste edozeinek esanda, zapla bertan emateko. Baina hire ahotik... ba horixe, hire ahotik. Nola ez, gure Segurola beti zuzentasunaren mugak tentatzen. Orduan irriño triste batekin erantzungo niken, baina orain barre batzuk egin ditiat amarekin horretaz gogoratuta hari aipatu diodanean.

Eta beste mila gauza.

Urtarrilean etxera bazkaltzera etorri hintzenean ere egin giñin gure "zirkuitoa": gure kontuak aipatu, leihotik mendi aldera begira jarri, kanturen bat edo beste entzunikusi, eta halakoak. Kantuen artean, nola ez, hire eta Garbiñeren Riders In the Sky; oraingoan ere Cashen "Reggie Young!" (1:13) hori ahoz gora esan huen. Eta Lucha de Gigantes: ezin zuken falta. Egun horretako bonus bezala, hortxe aritu hintzaion Gasteizera etorria zen nere amari Tinder kontu bat egiteko, profilean jarri beharko lituzkeen kontuak diktatzen, sukaldean. Ondoan, Garbiñe eta biak barrez lehertuak.

Lehengo kontuak alde batera utzita, badiat nere zerrendatxoa, hurrengo elkartzen garenerako. Badakik, nere zerrendatxoa, elkarrekin aipatzeko gaiak bilduta, ez ahazteko moduan.

Badik Willie Nelsonek Always On My Mind kantuaren bertsio bat, entzungo diagu maiatzean edo, Gasteiz aldera hurbiltzen haizenean. Johnny Cashen beste aldarrizko kantu haiek ere, Man in black tartean. Bazakiat nik bidalitakoan entzun hituela, esan hidaken izugarri gustatu zitzaikela beltzezko gizonarena, baina elkarrekin aditzea ez diagu egin; ez zakiat aipatu dugun kontu hau, baina nik behintzat beharra izaten diat mezu birtual soilez bidalitakoak aurrez aurrekoan berriro komentatzeko, benetan partekatuak direla sentitzeko. Agian zuen irrati saioan garatu dezakezue gai hau, ea jendeak zer dioen.

Azken boladako partekatze birtualen artean, Igor Arzuagari egindako elkarrizketa diagu zintzilik; gauza interesgarriak esaten ditik buruko gaitz deiturikoez.

Sed quia sua, barka, baina azkenaldian ibili nauk kalabazei buruzko liburua delako irudipena ezin burutik kenduz; Baina haren kuia? norena? Ikusiko noiz irakurriko dudan. Oraindik hortxe diat, horren aurretik irakurtzeko, hik gomendatutako Erraondoko azken danbolinteroa; horren aitzakian, gainera, UEMAko azken kale-neurketaren emaitzak beharko ditiagu komentatu, gure etsipen soziolinguistikoa elikatzeko. Katalanaren kontuak ere aipatuko ditiagu, ohi bezala, eta agian Amazoniako matses haienak, aurrekoan bezala.

Hemen ditiat, hiri emateko gordeta, "Zezenzale eta Abertzaleak" pegatak, Gasteizko kaleetako lurretik zuzen-zuzenean hiretzako hartuak: irudian, lau lauki zuri-gorritan, arrano beltza, zezen bat, eta Nafarroako kateak. Urtarrilean ahantzi ematea, eta hurrengoan beharko dik.

"Abertzale" horrek ez dik belarrian oso ondo ematen hire izenaren ondoan, baina tira, hi ere konforme agertu bahintzen azkeneko horretan, ez diat ezer esango.

Ah, ta esperimentu bat ere egin diat, egunotako nobedadea aprobetxatuz: negarrez aritu naizen une ugarietako batean, jakin-minezko burutazioa izan diat, ispilu aurrera joan, eta ikustekoa nere aurpegiak negar horretan nolako itxura hartzen zuen. Ostras hi, ze gauza itsusia! Aipatuko diagu hori ere. Norbere barrura begira jartze horretan, autokontzientziazko ariketa politak eginak ditiagu, eta ea zer ateratzen dugun honetatik.

Horixe zerrendañoa. Ikusten duk, ez zagok beste munduko konturik, gure ohikoetatik aparte. Neska, harreman eta holako konturik ez, halere; aterako duk aurrerago baten bat.

Hitz hauek irakurrita, baten batek –hik igual– esango dik: "Hi, zertarako jarri duk hasieran 'hilotz dagoen adiskideari', bizirik dagoen lagun bati ari baldin bahaiz testuan zehar?". Eta arrazoia izango dik. Horregatik, hasierako eskaintza aldatzea onena, absurdotik hasitakoa absurdotik bukatzeko.

Iñaki adiskide,
hiretzako dittuk hitz hok,
miñon ez orain letzeko,
bizirik yitzenian baizik.