Klik!

Kontzientziak astintzeko

Maialen Etxaniz 2022ko mai. 3a, 16:20

Urola ibaiak hamaika altxor gordetzen ditu, baina jendearen utzikeria tarteko, zaborrez eta hondakinez josita ageri da sarritan. Urola Bizirik natur taldeko kideek eta udalak kezkaz bizi dute hori. Martxoan, Urola ibaiaren Azpeitiko zatia garbitu dute. Zazpi tona hondakin inguru biltzea aurreikusten dute.

"Garenaren isla"

Urola Bizirik natur taldearen eta Azpeitiko Udalaren elkarlanari esker, Urola ibaia garbitzen aritu da garbiketa enpresa bat martxoan. Duela bi urte sortu zuten Urola Bizirik, eta orduz geroztik, ibaiaren egoera salatzeko lanetan aritu dira. Bide horretan jarri ziren harremanetan udalarekin, eta elkarlanak eman ditu fruituak. Natur taldeko kideetako bat da Luis Juaristi, eta hark gertutik jarraitu ditu azken asteetako garbiketaren nondik norakoak. Hark dio Urola ibaiaren itxura "penagarria" herritarren jarreraren adierazle dela: "Urola ibaia garenaren isla da".

Zaborrez betetako hamar kilometro luze

Urola Bizirik talderarekin adostuta eta udalaren eskariz, Txukun enpresa arduratu da Urola ibaia sakon garbitzeaz. Guztira, 9,8 kilometro garbitu dituzte. Hain zuzen, Azkoitiko San Juan futbol zelaiaren paretik hasi eta Lasaora arteko zatia garbitu dute. Urola Bizirikeko kideen arabera, hori da zabor gehien pilatzen den zatia: "Azkoitiko Eroski saltokiaren atzeko aldeko nahiz Azpeitiko herriguneko ibai bazterrean pilatzen da zabor gehien".

Plastikoa eta egurra, edonon

Aurten Urola ibaia garbitu dute, eta iaz Ibaieder eta Errezil errekak. 2022ko ibai garbiketak utzitako datuak aldizkari hau argitaratu ostean jakinaraziko dituzten arren, zenbakiek iazko joerari eutsiko diotela aurreikusten dute egitasmoaren sustatzaileek.

Askotariko material kutsakorrak

Azpeitian barrena egiten duen ibilbidean, txoko desberdin ugari zeharkatzen ditu Urolak. Eremuaren arabera, bateko edo besteko materialak aurkitzen dituzte. "Ez da material bera jasotzen herrigunean edo industriaguneetan". Iaz, 160 kilo egur, 380 kilo txatar, 120 kilo plastiko, 60 gurpil eta 2.660 kilo errefusa atera zituzten Ibaieder eta Errezil ibaietatik. Aurtengoan, bildutako material kopuruari erreparatuta, plastikoa nagusituko dela pentsatzen dute.

Ontzi arinak, zorroak, eta, oro har, plastikozko material asko pilatzen da Urola ibaian. Hori dela eta, plastikozko ontzi bakar batek desagertzeko 500 urte inguru behar dituela gogoratu du Juaristik. Dena den, azpimarratu du badirela bereziki kutsakorrak eta arriskutsuak diren materialak, hala nola autoetako bateriak eta pilak. "Mota horretako materialek ibaiko ura kutsatzen dute, kalteak eraginez Urolako faunan eta floran. Uste baino arriskutsuagoak dira".

Udaberrian eta udan, ezkutuan

Udazkenean zein neguan, ibaiko landareak eta zuhaitzak biluzten direnean, ikusten da ondoen zenbat zabor pilatzen den Urolaren bazterretan. Udaberriarekin zuhaitzak loratzen hasten dira, eta, ondorioz, zikinkeria ezkutuan gelditzen da. Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, horregatik egin dituzte garbiketa lanak martxoan, "lanerako errazagoa izango zelakoan".

Ardura eta zaintza, eskutik

Bildutako hondakinak Lapatxera eraman dituzte, han gaika sailkatzeko. Ateratako argazki eta bideoekin erakusketa osatuko du Urola Bizirikek, ondoren edukia herriko ikasleekin lantzeko.

Egoeraz jabetu eta joerak hobetu

Urola ibaiaren garbiketak "irakasgai" gisa balio dezan nahi dute Urola Bizirikek eta udalak; izan ere, jendeak ibaia garbi mantentzea eta hara zaborrik ez botatzea da xedea. Azken 30 urteetan Urola ibaiaren egoera hobetu egin dela diote, hartu diren hainbat prebentzio neurri tarteko, hala nola ibai ertzetan jarritako sareak edo zenbait lekutako iragazki berriak. Hala ere, helburua lortzeko asko falta dela diote, eta bide horretan lanean jarraituko dutela azpimarratu dute.

(Argazkiak: Urola Bizirik)