Erretratua

Maite Epelde: "Asmatuko dut ala ez, baina nire erabakien jabe naiz"

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 26a, 12:24
Maite Epelderen erretratua. (Olatz Alkorta)

"Ez da erraza esplikatzen" lan ikuskariaren lana, horrela dio Maite Epeldek, eta ezezagutza horrek "mito" faltsuak eraikitzen lagundu du. Berak, ordea, ondo baino hobeto ezagutzen ditu bere ogibidearen xehetasunak. Ia hogei urte daramatza lan horretan, eta gustura aritzen da, gainera. Berea da Erretratua 2022ko apirileko Uztarria aldizkarian.

Bakarren bat egongo da, agian, baina nekez, oso nekez, topatuko dugu "handitan, lan ikuskaria izan nahi dut" dioen umerik. Maite Epeldek ere (Azpeitia, 1974) ez zuen inoiz halakorik esan, baina lan ikuskaria da, hemeretzi urte daramatza lan hori egiten, eta ez dauka lanbidez aldatzeko inolako asmorik. "Askotan, bizitzak eramaten zaitu batera edo bestera, eta horrelako zerbait gertatu zitzaidan niri", dio. Unibertsitate ikasketak aukeratzeko garaia iritsi zitzaionean, ez zuen "batere argi" zer hautatu, "jende gehienak bezala". Historia gustatzen zitzaion, baina lan mundua jorratzen hasteko beste aukeraren bat egokiagoa izan zitekeela pentsatuta, Zuzenbide Ekonomikoa ikasi zuen.

Ikasketa horiek bukatuta, doktoretza ikastaroari ekin zion Epeldek, eta hango ikaskide batek bultzatuta hartu zuen lan ikuskari bihurtuko zuen bidea. Funtzionarioak dira lan ikuskariak, baina ez ezagunenak, ezta ugarienak ere. "Normalean, ez dut esaten zer lan egiten dudan. Lan berezia da. Galdetzen didatenean, ez da erraza esplikatzen", dio azpeitiarrak, baina honela laburtu du bere lana zertan datzan: "Funtzionarioak gara, administrazioaren langileak, eta gure helburua da enpresetan lan, Gizarte Segurantza, prebentzio eta immigrazio araudiak betetzen direla kontrolatzea eta zaintzea". 2011-2012ra arte, Espainiako Gobernuaren Lan Ministerioaren mendeko funtzionarioak ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lan ikuskariak. Harrezkero, Eusko Jaurlaritzaren mendeko funtzionarioak dira, "baina lan ikuskaritzan funtzionario plaza eskuratzeko oposizioak estatu mailakoa izaten jarraitzen du", zehaztu du Epeldek. "Eusko Jaurlaritzak ez du eskumenik bere aldetik ikuskari plazak eskaintzeko edo deialdiak egiteko; eska ditzake behar dituela iruditzen zaizkion postuak, baina erabakia ez dago bere esku".

Mitoak eta bermea

Ofizioz –"ez da oso ohikoa"–, salaketa bat egon delako edo administrazioak bultzatutako kanpaina baten barruan jar daitezke martxan lan ikuskarien esku hartzeak, eta lan istripuen ondorioz ere bai. "Behargin bat laneko istripu batean hiltzen denean, guardian dagoen lan ikuskaria istripua gertatu den tokira joaten da, ikustera, eta hortik abiatzen da ikerketa. Heriotzarik gabeko lan istripuei dagokienez, istripu larri edo oso larri gisa kalifikatzen direnetan lan ikuskaritzak ofizioz jarduten du, kasu horietan ez da beharrezkoa salaketa bat egotea, guztiak ikertzen dira; istripu arinak, aldiz, salaketa bat dagoenean edo ikuskaritza zerbitzuaren buruek hala erabakitzen dutenean soilik ikertzen ditu lan ikuskaritzak", azaldu du azpeitiarrak.

Lan ikuskariek enpresen arau hausteak zigortzeko ahalmena dute, isunak ezarriz; edo irregulartasunak zuzentzeko eskatzekoa, errekerimenduen bidez. Beren egitekoak, finean, "langileen eskubideak bermatzen" dituela irizten dio Epeldek, enpresetan zigorraren itzala haizatuz, besterik ezean: "Zergatik hasi ginen autoan segurtasun uhala erabiltzen? Isunak jartzen hasi zirelako. Ba horixe. Araudia bete egiten da, legea bete ezean atzetik zartatekoa emango dizun norbait edo zerbait dagoela jakiteak eragiten duen beldur horregatik bada ere. Eta horrela, azkenean, langileen eskubideak bermatzen dira". Bera lanean hasi zeneko egoerarekin alderatuta, enpresetan prebentzioaren arloan gauzak asko aldatu direla dio, hobera, baina uste du gauzak are hobeto egiteko aukera legokeela baliabide gehiago izanez gero. Lan ikuskari gehiago behar direla uste du azpeitiarrak: "Askoz gehiago izango bagina, eta egunero kalean ibiltzeko modua izango bagenu, bisitak eta bisitak egiten...".

Maite Epelde. (Mailo Oiarzabal)

Jende gehienak lan ikuskarien egitekoa ez duela ezagutzen ere uste du Epeldek, eta beren jardueraren gainean sortutako pare bat "mito" gezurtatu ditu. "Badakit oso zabalduta dagoela lan ikuskariok interes batzuen edo besteen arabera jokatzen dugunaren ustea, baina hori ez da horrela. Inoiz ez dut deirik jaso, ez handik, ez hemendik eta inondik ere ez. Asmatuko dut ala ez, baina nire erabakien jabe naiz; eta huts eginez gero, okerra zuzenduko dut", dio, eta salaketa bat jaso dutelako enpresa batera joan behar dutenean aurrez ez dutela abisatzen gaineratu du. "Jendeak Osalan eta gu nahastu egiten gaituela uste dut –dio–. Guk Osalanekin lan egiten dugu, adibidez, istripuak gertatzen direnean; haiek txosten teknikoak egiten dituzte eta guri bidaltzen dizkigute, baina Osalaneko langileak teknikariak dira, ezin dute ez isunik jarri, ez errekerimendurik egin, eta haiek bai abisatu egiten dutela enpresetara joan aurretik".

Gustuko lana

Oposizioa gainditu zuenean, Bizkaiko lan ikuskaritzan hasi zen lanean Epelde, eta han jarraitzen du. "Izan dut hona [Gipuzkoara] etortzeko aukera, baina ez dut nahi izan. Batetik, distantzia mantentzea nahiago dut; eta bestetik, oso giro ona daukagu lankideon artean". Ikuskari bakoitzak zonalde jakin baten ardura izaten du, eta Epelderi Bizkaiko "zonalde euskaldunena" dagokio: "Ondarroa, Lekeitio, Mallabia, Markina...". Euskalduna izateak badu zerikusirik horretan, azpeitiarrak azaldu duenez: "Hemen lan ikuskari oposizioak ateratzeko tradizio handirik ez da egon izan, eta beraz, lan ikuskari gehienak kanpokoak izaten dira".

Bilbon dago Bizkaiko lan ikuskaritzaren egoitza, baina Epeldek etxetik egiten du lan egun gehienetan, eta "ondo" moldatzen da horrela. "Alde horretatik, pandemiak guri ez zigun buruhauste handirik eragin, laneko sistema lehendik prestatuta genuen eta horrela lan egiten ohituta geunden". Lankideekin bulegoan askotan ez egon arren, laneko giroa da "bere osotasunean asko gustatzen" zaion lanbidetik gehien nabarmentzen duena. "Beti gaude bata besteari laguntzeko pronto. Eta horrek urrea balio du. Horrez gain, lan dinamikoa da gurea, norberaren esku dago lana nola antolatu... Umeak dauzkazunean, asko balio du horrek", gaineratu du. Bizitzak eraman zuen daukan lanbidea izatera, horren bila joan gabe, eta orain ez du bere burua beste lan batean irudikatzen.

Motzean

  • Adina: 47 urte.
  • Ikasketak: Zuzenbide Ekonomikoa.
  • Lanbidea: Lan ikuskaria.
  • Lan ikuskaria ez banintz… Ez nuke beste lanik aukeratuko, egia esan. Ondo nago, eta ez dut lanbidez aldatzeko asmorik.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… Oñatzera joaten naiz astean hiruzpalautan. Eguraldiaren arabera, bazkalondoan igerilekura ere joaten naiz batzuetan. Irratia asko entzuten dut, eta musika ere bai. Spotify aurkikuntza bat izan da niretzat.