Kaleko argazki estudioa jarri dute plazan Azpeitiko Argazki Elkartekoek

Nerea Uranga 2022ko api. 9a, 14:15

Argazki estudio herrikoia jarrita eduki dute udaletxeko arkupeetan gaur eguerdi artean Azpeitiko Argazki Elkartekoek. Haur, gazte eta helduak animatu dira bertan argazkia ateratzera.

Nahi izan duten herritarrek estudioko argazkia ateratzeko aukera izan dute gaur eguerdi partean udaletxeko arkupeetan. Azpeitiko Argazki Elkarteko argazkilariek kale estudioa jarri dute bertan, 11:00etatik 14:00etara bitartean. Han bakarkako nahiz taldeko argazkia ateratzera animatu direnek oroigarri gisa elkarteko argazkilariek ateratako argazkia doan jasoko dute.

Azpeitiko Argazki Elkarteak gaur, zapatua, beste ekitaldi bat ere izango du arratsaldean. Hain zuzen ere, XLIII. Udaberriko Argazki Rallyra aurkeztutako argazki bildumak ikusteko aukera eskainiko du, eta rallyko sariak banatuko ditu. 18:30ean hasiko da ekitaldia, Dinamoa sormen gunean.