Ahots ezberdinak hizkuntza beraren bueltan

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 6a, 20:43
'Euskaldun berrien ahotsak' mahai inguruko parte-hartzaileak. Ezkerretik eskuinera, Alice Golfart, Daniela Lopez, Tarana Karim, Misha Fortoba, Imanol Agirre, Muhammad Saleh eta Pablo Blazquez. (Mailo Oiarzabal)

Atzerritik Euskal Herrira iritsi eta euskara ikasi duten edota ikasten ari diren sei lagun elkartu zituen atzo Elkar-ekinek Basazabal jauregian, Korrikaren bueltako egitarauaren barruan antolatutako solasaldian. Hitzordu horretako kronika da hau.

Pakistandik, Soriatik (Espainia), Belgikatik, Txekiatik, Nikaraguatik eta Azarbaijandik Euskal Herrira etorritako sei lagun elkartu ziren mahaiaren bueltan atzo Basazabal jauregian. Bakoitza bere bizipenekin, bakoitza bere herrialdea utzi eta hona etortzeko bere arrazoiekin, eta denak euskaraz.

Imanol Agirre Elkar-ekineko eta Mintzapraktika taldeko kideak gidatu zuen atzoko mahai ingurua, eta berak azaldu zituen atzoko hitzorduaren nondik norakoak. Elkar-ekinek euskara ikasten ari direnei "aitortza" egin nahi izan die Euskaldun berrien ahotsak saioarekin, pertsona horien "ahalegina azaleratuz", eta hitza beraiei emanez. "Euskaraz ikasten ari direnek edota ikasi nahi eta ezin dutenek dituzten zailtasunen eta oztopoen gainean hausnarketa" egiteko ere baliatu nahi izan dute Korrikaren bezperan eta Korrika batzordearekin elkarlanean egindako solasaldia.

Euskarara nola?

Solaskideek beren burua aurkeztuz hasi zuten saioa. Aurkezpen horietan, euskarara nola iritsi ziren edo euskara nola iritsi zitzaien azaldu zuten, besteak beste.

Muhammad Saleh 2009an iritsi zen Euskal Herrira familiarekin, haurra zela; 2012ra arte Azkoitian bizi izan ziren, eta harrezkero Azpeitian. Eskolan ikasi zuen euskara Saleh-k, "etorri eta erakutsi zidaten lehen hizkuntza euskara izan zen". Urteak pasatu ahala, gaztelania ikasteko aukera ere izan du. Medikuntza ikasken ari da gaur egun Bilbon. Unibertsitateko ibilbidea hasterako erabaki behar izan zuen ikasketak gaztelaniaz ala euskaraz egitea, eta euskaraz egitea aukeratu zuen Azpeitiko gazteak: "Nire ikasketa prozesu osoa euskaraz izan denez, askoz ere errazagoa egiten zitzaidan Medikuntza gradua ere euskaraz egitea". Gurasoekin eta anaiarekin eta arrebarekin bizi da Saleh Azpeitian; azpeitiarrez hitz egiten du berak, eta anaiak eta arrebak ere "euskaraz hemengo beste edozeinek bezalaxe" egiten dutela azaldu zuen. "Asko eskertzen" du Saleh-k Azkoiti-Azpeiti inguruan kanpotik datozenei ere eskolan euskaran murgiltzeko eskaintzen zaien aukera. "Beste herri batzuetan ez dute hori bultzatzen", esan zuen, migratzaileei gaztelania errazago eskaintzen zaiela nabarmenduz.

Pablo Blazquez duela lau bat urte etorri zen Euskal Herrira, Soriatik. Ekonomialaria da, Itziarren bizi da, Elgoibarren egiten du lan, eta Azpeitiko Udal Euskaltegiko ikaslea da. Iritsi eta berehala ekin zion euskara ikasteari, eta horretan darrai; Elgoibarren lanetik irten eta Azpeitira etortzen da egunero euskara eskolak hartzera, "astelehenetik ostegunera", eta kalean ikasten duenarekin osatu du orain arteko bere jakintza. "Itziarren euskara erabiltzen dut, Azpeitian ere bai. Lantegian, gutxiago, askoz gutxiago".

Alice Golfart belgiarra da eta Errezilen bizi da, "eta horregatik nahi dut euskaraz hitz egitea", azaldu zuen atzo; Errezil bezalako inguru ia erabat euskaldunean, argi izan zuen hasieratik Golfartek euskara ikastearen eta bizilagunekin zein bezeroekin beren hizkuntzan komunikatu ahal izatearen garrantzia. Baserrian eta baserritik bizi da Golfart Errezilen, baratzezaina da, Azpeitiko Elikagunean saltzen du bere baserriko uzta, eta kontsumo talde baterako egiten dituen otarreen bidez ere bai. Semeekin frantsesez, senarrarekin –ermuarra– gaztelaniaz, Errezilgo jendearekin eta bere bazkideekin euskaraz, baratzean lan eginez etxean hartzen dituzten boluntarioekin ingelesez, flandriarrez, alemanez... Hizkuntza asko erabiltzera eta hizkuntzaz sarri aldatzera ohituta dago Golfart, "zoratzeraino", tarteka, berak barre artean kontatu zuenez.

Misha Fortoba txekiarra da eta 2009an iritsi zen Urola bailarara. Azkoitia, Azpeitia, Azkoitia, Martirieta... "Leku asko pasatu ditut, baina denak lau kilometroren barruan". Bikotekidea azpeitiarra du eta "etxeko hizkuntza euskara" dute, nahiz eta Fortoba saiatzen den seme-alabekin txekieraz hitz egiten, "beraiek ikasteko, eta hango familiarekin harremana eduki ahal izateko". Euskal Herrira iritsi zenean, gaztelaniaz "bidaia liburuxka horietako batetik ateratako lau hitz" baino ez zekizkien. Euskaraz ere saiatu zen, etorri aurretik, "Interneten hitz batzuk" ikasten, "baina oso gutxi". Hona etorrita, Azkoitiko AEK-ren euskaltegian ikasi zuen urtebetez, eta gero, kalean, "kalean, asko". Hala ere, gaztelania ikasi zuen euskara baino lehen, "batetik, latinetik datorrenez, hitz batzuk ezagunak egiten zitzaizkidalako eta erreferentzia batzuk banituelako; bestetik, agiriak lortzeko-eta administrazioarekin egin behar izan nituen harremanak denak erdaraz zirelako". Gaztelania arinago ikasi eta erabili zuen hemengo hasierako urteetan Fortobak. Euskaraz, berriz, ulertu arren, hitz egiten hastea "asko" kostatzen zitzaion, "berriz zerotik hastea bezala" zen beretzat. Inguruak, ordea, bultzatu egin zuen txekiarra euskaraz ere soltatzera. Esker eta aitortza hitzak izan zituen atzo Fortobak, berak erdaraz hitz eginda ere euskaraz erantzuten zioten "egoskor" guztientzat: "Kristoren faborea egin zidaten, benetan asko lagundu zidaten hitz egitera jauzia ematen. Askotan, errespetu falta gisa hartzen da erdaraz ari den bati euskaraz erantzutea, baina justu kontrakoa da. Niretzat, egundoko laguntza izan zen. Beraz, eskerrik asko".

Gaztelania doan, euskara ez

Daniela Lopez nikaraguarrarena izan zen Azpeitian edo inguruan bizi diren migratzaile euskaldun berrien bosgarren ahotsa. Lopezek adinekoen zaintzan egiten du lan, eta lan horren ezaugarriek euskara ikasteko dakarten oztopoa nabarmendu zuen. Bost urte daramatza hemen bizitzen Lopezek, eta euskara ikasteko saiakera egin zuen, baina utzita du une honetan, lanarekin ezin duelako uztartu. Atzo, sarrerako hitzak euskaraz egin zituen, baina gaztelaniaz jarraitu zuen gero, ez duelako euskara hainbeste menderatzen. "Hiru hilabetez aritu nintzen euskara ikasten, baina utzi egin nuen. Izan ere, handik [Nikaraguatik] gatozenok lanbide konplikatu samarra daukagu, lana dugunetan. Batzuetan, orduzka egiten dugu lan, eta beti pronto egon behar, lana ateratzen zaigunerako. Horregatik, zaila da guretzat euskara eskolen ordutegiei eta erritmoei eustea. Hori gertatu zait niri. Hala ere, badut euskarari berriro heltzeko asmoa, asko gustatzen zait euskaldunak hizketan entzutea".

Tarana Karimek ondo ulertzen ditu Lopezek eta haren egoeran dauden migratzaileek euskara ikasteko izan ditzaketeen zailtasunak. Azerbaijandik etorri zen Karim Euskal Herrira duela 20 urte, Tolosan bizi da, eta oso ondo menderatzen du euskara, baina gogoratu zuen Euskal Herrira lan bila edota arrazoi ekonomikoengatik iristen direla migratzaile gehienak, eta bertako hizkuntza ikastea ez dela egoten, normalean, haien lehentasunen artean. Egonkortasun ekonomikoaren bidea legezko agiriak lortzearekin guztiz lotuta dagoela ere azpimarratu zuen, eta Espainiako Atzerritartasun Legeak ezartzen dituen "oztopoak" salatu zituen.

Eta, solasaldiaren hasieran bezala bukaeran, azpimarratu zuen atzerritik datozenei Euskal Herrian "hasieran beti erdara aurkezten" dietela. Gaztelania ikastera bideratzen dituzte normalean atzerritarrak, eta horretarako "erraztasun asko" dituzte. Horien artean, Karimek gogoratu zuen "gaztelania ikastea doan" dela gurean, eta euskararekin ez dela gauza bera gertatzen. "Kasurik onenetan ere, dirua aurreratu behar izaten dute ikasleek, ikasketak burutuz gero itzultzen zaien arren, eta guztiek ez dute behar den diru hori". Gainera, eta Lopezen kasuaren ildotik, migratzaile askok "euskara ikastea lanarekin uztartzeko dituzten zailtasunak" nabarmendu zituen, euskara eskolen ordutegien zurruntasunarekin lotuta. "Dohainik eta erraztasun guztiekin behar litzateke euskara ikastea. Bertako hizkuntza bada, eta bere erabilera sustatu nahi bada, dohainik behar du izan, are gehiago, erdara ikastea dohainik denean". Euskara ez zaie eskura jartzen iritsi berriei, Karimen esanetan, eta Euskal Herriaren kontzeptua, euskal kultura eta nortasuna ere ez. "Harrerako mezua ez zaie iristen atzerritarrei, ezta euskarak duen papera ere". Hizkuntza ikasteko erraztasunekin lotuta, Golfartek esan zuen Belgikan migratzaileei bertako hizkuntza ikasteko bekak eskaintzen zitzaizkiela, "urte batekoak edo bikoak", eta denbora horretan bizi ahal izateko dirua barne hartzen zutela beka horiek.

Oztopo guztien gainetik, baina, euskara ikastearen garrantziaz hitz egin zuen Karimek: "Euskarak ate asko irekitzen ditu, eta gure iritziak mahai gainean jartzeko aukera ere ematen du. Solasaldiaren azken zatian, entzuleen galderei erantzun zieten mahaiaren bueltan zeuden euskaldun berriek. Euskarak zer eman dien izan zen galdera horietako bat. "Mendekotasuna kentzea", "kultura" eta "bizitza normaltzea eta inguruan gertatzen dena ezagutzeko aukera" aipatu zituen, besteak beste, Karimek. "Ikasi dudan guztia", laburbildu zuen Saleh-k. "Batez ere kalean erabiltzen" duela aipatuta, "lagunak" eta "juerga" bota zituen Blazquezek; "ligatzeko ere balio du, eta hori ere garrantzitsua da", erantsi zuen. Fortobak, berriz, "bitartekaririk gabe jendearekin interaktuatzeko" gaitasuna lehenetsi zuen. Baserritarrekin beren hizkuntzan aritzea nabarmendu zuen Golfartek: "Baserritar jendea oso euskalduna da, eta zaharrak dira asko. Erdaraz egitea ez zaie egiten erosoa".