I. Kale Pintura Lehiaketa antolatu dute maiatzaren 8rako

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 1a, 08:55
ADIko Mikel Sanjuan eta Miriam Quintana, Kulturazeko Garazi Lazkano eta Eneritz Albizu Kultura batzordeburua, lehiaketaren kartelaren bueltan. (Mailo Oiarzabal)

Arte eta Diseinu Ikastegiaren (ADI) ekimenez antolatu du udalak, ADIrekin eta Kulturazekin elkarlanean. Guztira bost sari banatuko ditu lehiaketak, hiru helduen mailan eta bi 16 urtez azpikoenean. Parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman beharko dute izena. Sarituen izenak ere egun berean jakinaraziko dituzte, eta lehiaketara aurkeztutako lanekin erakusketa irekiko dute.

Azpeitiak ere izango du bere kale pintura lehiaketa. Maiatzaren 8an, igandearekin, egingo da lehen edizioa, eta helduek zein haurrek eta gaztetxoek izango dute lehiaketan parte hartzeko aukera.

Udalak antolatu du lehiaketa, baina Eneritz Albizu batzordeburuak atzoko aurkezpenean nabarmendu zuenez, Arte eta Diseinu Ikastegiarena (ADI) izan da lehiaketa egitearen ideia eta ekimena: "Benetan eskertzen diegu ADIkoei guregana etorri izana eta hartu duten lana. Antolaketa, nola egin, zer egin... beraiek egin dute dena. Guk lehiaketa egin ahal izateko baliabideak jarri ditugu". Azpeitian kultur arloko jarduna eta eskaintza aberatsa dela aipatu zuen beste behin Albizuk, baina horren barruan "agian hutsune bat" badela, pinturari eta arte plastikoei lotuta, eta hutsune hori betetzen hastera letorke datorren hilean egingo duten lehiaketa.

Kulturaz kooperatibak ere parte hartu du lehiaketaren antolaketan. "Irudiaren eta artearen inguruko komunitatea indartzea eta kalera ateratzea" ideia ona dela deritzo Garazi Lazkano kultur kooperatibako kideak, eta arlo horretan "aurrera begira ere elkarlana bultzatzea" garrantzitsua izango dela adierazi zuen atzoko aurkezpenean.

Lehiaketaren xehetasunak

"Beste gauza asko bezala", ekarri zuen gogora ADIko Miriam Quintanak, 2020an egitekoak ziren azkenean 2022an egin ahal izango duten lehiaketa berri horren lehen edizioa. ADIko Mikel Sanjuanek, bere aldetik, gogoratu zuen duela urte batzuk antolatu zutela beste kale pintura lehiaketa bat; herrian egin ziren Erdi Aroko azoketako batean izan zen, eta "oso eguraldi txarra" egin zuela du gogoan Sanjuanek. Gainera, egitasmo hark ez zuen jarraipenik izan.

Oraingoan gauzak bestelakoak izatea espero dute antolatzaileek, eguraldia hobea izatea, batetik, eta lehen aldi honen ondoren edizio gehiago etortzea, bestetik. Kale pintura lehiaketak ohikoak eta urteroko hitzordu dira hainbat herritan, eta Azpeitian ere horrela izatea da sustatzaileen nahia.

Parte-hartze irekia izango du lehiaketak. Helduek, gaztetxoek zein haurrek eman dezakete izena, eta margolari bakoitzak nahi beste lan aurkeztu ahalko ditu lehiaketara, guztiak egun berean egindakoak, noski. Azpeitiko herriaren mugen barruan eta aire zabalean egin beharko dituzte pintura lanak, nahi duten materiala eta teknikak erabiliz; materiala parte-hartzaile bakoitzak eraman beharko du lehiaketara. Izen-ematea egunean bertan egin beharko dute: pintura lanerako euskarriak –oihalak edo – 09:00etatik 11:00ak bitartean Betharrameko erakusketa aretoan zigilatzen dituztenek bakarrik izango dute gero lanak lehiaketara aurkezteko aukera. Bukatutako lanak Betharramen bertan aurkeztu beharko dituzte, 13:00etatik 14:00ak bitartean.

Antolatzaileek izendatuko duten epaimahaiak erabakiko ditu lehiaketaren lan irabazleak eta saridunak. Guztira bost sari banatuko ditu Azpeitiko I. Kale Pintura lehiaketak. Helduen mailan, lehen sariaren irabazleak 800 euro jasoko ditu, eta bigarrenak 500 euro; horiez gain, herritar saria deritzona ere banatuko dute, 300 eurokoa. 16 urtez azpiko parte-hartzaileen artean arte materialez osatutako beste bi sari banatuko dituzte; hain zuzen ere, 12 eta 16 urte bitartekoen eta 12 urtez azpikoen lanik onenen egileek jasoko dituzte sari horiek.

Helduen lehiaketako lehen eta bigarren sariak jasotzen dituzten lanak Azpeitiko Udalak hartuko ditu jabetzan. Sarituen izenak maiatzaren 8an bertan jakinaraziko ditu epaimahaiak, 14:30ean. Epaimahak erabakia hartu eta jakinarazi bitartean, lehiaketan parte hartzen dutenentzat luntxa emango dute Betharrameko aretoan. Eta emaitzak jakin eta sariak banatu ondoren, berriz, lehiaketara aurkeztutako lanekin erakusketa irekiko dute areto berean; maiatzaren 15era arte ikusi ahal izango dira Betharrarem pintura lehiaketako lanak.

Ondoko estekan daude, osorik, Azpeitiko I. Kale Pintura Lehiaketaren oinarriak.