Erretratua

Karmele Zabaleta: "Txiki-txikitatik izan dut moda munduarekiko interesa"

Ihintza Elustondo 2022ko api. 2a, 10:00
Karmele Zabaletaren erretratua. (Olatz Alkorta)

Arropa denda baten jabea eta Bertan merkatarien elkarteko lehendakaria da Karmele Zabaleta. "Egonezin handiko pertsonatzat" du bere burua, eta horrek gidatu du bere ibilbidea. Moda eta jendearekin lan egitea; horra hor bere bi pasioak. Berea da 2022ko martxoko Uztarria aldizkariko Erretratua.

Loiolako Berrosueta Barrena baserrian jaio zen Karmele Zabaleta. "Haurra nintzela, amarekin azokara joaten nintzen barazkiak saltzera", azaldu du. Huraxe izan zen Zabaletak merkataritza munduarekin izan zuen lehen harremana. Eta nola izaten diren gauzak; gaur egun, herriko saltoki baten arduraduna izateaz gain, Bertan merkatarien elkarteko lehendakaria ere bada.

Haurtzaroa baserriari lotuta eman izanagatik, Loiolako neska txiki hark bazuen beste afizio bat: "Armairuetan begira aritzen nintzen, ilea orraztea eta makillatzea gustatzen zitzaidan...". Ume hark odolean ekarri zuen moda munduarekiko interesa. "Uste dut txiki-txikitatik izan dudala hori. Garbi-garbi neukan nire ofizioa zein izango zen". Ondoren, ikasketak ere arlo horretatik bideratu zituen: estetika eta ile apainketa ikasi zuen. Lehen urratsak estetikaren munduan egin zituen arren, Zabaletaren arabera, ez dira bi arlo ezberdin estetikarena eta modarena. "Niretzako elkarrekin doazen gauzak dira".

Ikasketak amaitzean, berehala hasi zen lanean Zabaleta. Estetika arloan aritu zen hamabost urtez, azken urteetan, Donostian. Dena den, "hazteko eta ikasteko gogoa" zuen, eta beste etapa bat iritsi zen haren bizitzara: bere negozioa martxan jartzera ausartu zen. "Egonezinak nituen, eta lanerako gogoak bultzatu ninduen pausoa ematera", esan du. Hala, emakumeei zuzendutako arropa denda zabaldu zuen 2013an Azpeitian: Koket.

Aldaketa bikoitza izan zen hura: izan ere, besteentzat lan egitetik norberarentzat aritzera egin zuen jauzi Zabaletak, eta Donostian lan egitetik Azpeitian lan egitera igaro zen, sorterriarekiko lotura estutuz. Zortzi urte eman zituen aurrez Donostian lanean, eta gaur egun ere han bizi da; egunero etortzen da lanera Azpeitira.

Zabaleta, bere dendako arroparekin. (Ihintza Elustondo)

Hirian edo herrian, emakumeak norberaren azalean gustura sentitzeko helburuarekin lan egiten du beti Zabaletak; horixe da haren zeregina, bokazioa. "Pertsona bat dendatik gustura irten eta bueltatu egiten dela ikusteak dena ematen dit", adierazi du. Jendearekin hartu-emana izatea, herritarrekin lan egitea; horra hor Zabaletaren beste pasio bat. "Horrek jende pila bat ezagutzeko aukera ematen dizu, herritarrekin elkarrizketak izatekoa ere bai, laguntasuna eta gertutasuna sortzen dira bezeroekin, bizipenak kontatzen dizkiogu elkarri...". Horrek "erabat betetzen" duela azaldu du: "Hori Internetak ez dizu ematen", erantsi du.

Gustuko lekuan, aldapa

Gustuko lanean aritzeko zortea du Zabaletak: "Tristea litzateke egunero lanera joateko gogoz kontra jaikitzea", dio. Baina gustuko lekuan aritzeak ez du esan nahi bidean aldaparik agertuko ez denik: COVID-19ak ekarri duen guztiak erabat aldatu ditu herritarren ohiturak, baita erostekoak ere. "Kontsumoa jaitsi egin da. Ostalaritza egon den bezala egon da, ekitaldiak bertan behera gelditu dira... Gutxiago saldu da, ekonomia zirkularra delako. Ez dakit kontziente garen zer garrantzitsua den ostalaritza eta merkataritza bizirik mantentzea. Hori da herri bizia", esan du. Egoera ezezagun horren aurrean, emozioak kudeatzea ez dela izan "erraza" nabarmendu du.

Dena den, ezohiko egoera horrek alde onak ere ekarri dituela uste du Zabaletak. "Txalotzekoa izan da jendearen erantzuna. Herriko merkatariok asko eskertzen dugu hori". Aldaketa bat ere nabaritu dute bezeroen artean: "Orain etortzen diren bezeroak erostera etortzen dira. Publiko jakin bat desagertu egin da". Uste du bertan erosteko kontzientzia ere areagotu egin dela herritarren artean.

Bakarrik ez sentitzeko

2016az geroztik, Bertan merkatarien elkarteko lehendakaria da Zabaleta. Bi urtez behin egin ohi dute zuzendaritza batzorde aldaketa, eta gaur-gaurkoz, hirugarren agintaldia du lehendakari gisa. 2008an sortu zen elkartea, eta etengabe egoera berrietara egokitu eta askotariko lanketak egin behar izan dituztela nabarmendu du. Elkartea herriko merkatariek osatzen duten arren, teknikariak euskarri garrantzitsua direla dio: "Lan pila bat egiten dute teknikariek, ikusten ez den lan asko".

Elkarte hori gauza askotan da lagungarri herriko merkatarientzat, Zabaletaren arabera: "Elkartea euskarri garrantzitsua da merkatariontzat, zerbait behar dugunean hor dago, eta bakarrik ez gaudela sentiarazteko balio digu. Izan ere, hain gara txikiak, askotan ez gauden sentipena ematen du. Denok elkartuta egotea da bidea. Kezkak nahiz zalantzak elkarbanatzen ditugu, eta niretzako hori da oinarri-oinarria, elkarbanatzea. Sustrai bat da elkartea".

(Utzitakoa)

Bat eginda indartsuagoak diren arren, errealitatea ez da hain baikorra: azkenaldian, denda asko itxi dituzte herrian. Zabaletak uste du hori joera orokorrago baten parte dela; ez dela Azpeitian soilik gertatu, alegia. "Zer ari da gertatzen? Arrazoi ezberdinak egon daitezke itxiera horien atzean, baina Interneteko salmentek eragin egin digute, hori ez dago ukatzerik", dio. Hala eta guztiz, aukera baliatu nahi izan du herriko saltokietan erosteak zenbaterainoko eragina duen nabarmentzeko: "Denok kontziente izan eta gure aletxoa jarri beharko genuke. Izan ere, gure eskuetan dago etorkizuna nola marraztu erabakitzea".

Interneten erostea ekintza soil bat baino gehiago dela uste du: "Klik bat baino gehiago da erosketak Internetez egitea". Zergak kanpoko herrialdeetan ordaintzen dituzten plataformetan erosketak egiteak zer ondorio dakartzan gogorarazi du: "Zerbitzu publiko duinak izatea nahi baldin badugu, gure kalterako da plataforma horietan erosketak egitea. Guk ez badugu bertan kontsumitzen, itxierak etorriko dira. Eta baten itxierak besteari eragiten dio...". Uste du, gainera, egungo egoeran inoiz baino argiago gelditu dela zer garrantzitsuak diren osasun eta hezkuntza sistema publiko duinak.

Zabaletak 24 urte daramatza jendearekin lanean. Orduak ematen ditu Azpeitiko bere saltokian, eta beste ordu ugari atzeko lanetan, atearen beste aldean: hurrengo denboraldirako eskaerak egiten, arropa berria bere lekuan jartzen edo sare sozialak nahiz webgunea elikatzen; normalean, ez da geldirik egoten. "Burua beti lanean egoten da", dio. Une honetan, lanean segitzeko ilusioz dago, baina ez dauka argi etorkizuna zein izango den: "'Horrela ondo nago, eta horrelaxe jarraituko dut' ez dago esaterik. Etorriko da etorri behar duena".