Industriarako autokontsumo eta energia komunitate eredu berriez jardunaldia egin dute

Julene Frantzesena 2022ko mar. 17a, 14:34
Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua azalpenak ematen gaurko saioan. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Azkoitiko Intsausti jauregian egin dute gaur, Iraurgi Berritzenek antolatutako saioa. Enpresen autokontsumoari eta energia komunitateei buruzko informazioa, ezagutza eta esperientziak partekatzea izan da jardunaldiaren helburua. Han izan dira, besteak beste, garapen agentziako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, hainbat enpresatako eta Urola Erdiko Energia Mahaiko ordezkariak.

Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen agentziak eskualdeko industria eta zerbitzu enpresei zuzendutako jardunaldia egin du gaur, osteguna, Azkoitiko Intsausti jauregian. Hain zuzen ere, enpresen autokontsumoari eta energia komunitateei buruzko informazioa, ezagutza eta esperientziak partekatzea izan da saioaren helburua. Iraurgi Berritzen lantzen ari den Ikasiz programan du jatorria gaurko saioak, eskualdeko Enpresa Gunean jasotako proposamenekin definitutako programan.

"Hainbat praktika on eta kasu arrakastatsu" izan dituzten eskualdeko bederatzi enpresetako 11 ordezkarik parte hartu dute saioan, baita Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, Iñaki Puga aldundiko zerbitzu horretako buruak, Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendariak, David Muñoz Oarsoaldea garapen agentziako energia teknikariak, Andrea Estornes Txekalde aholkularitzako kideak, Pedro Etxamendi eta Mariana Liza Orion Proyectos eta Salto Systems enpresetako kideek nahiz Aitor Bereziartua eta Imanol Agirrezabalaga Urola Erdiko Energia Mahaiko kideek ere. Zehazki, mahai horretako kideek energia berriztagarrien inguruan landu duten proiektu bat aurkeztu dute Intsaustin bildutakoen aurrean. Gainera, enpresetako kideek zalantzak argitzeko tartea izan dute.

Autokontsumo eta energia eredu berriak sustatzeko helburuz egin dute gaurko jardunaldia, Iraurgi Berritzenek Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailarekin egindako hitzarmena tarteko. Izan ere, aldundiak 50.000 euro bideratu ditu garapen agentziara, erakundeak zenbateko hori energia pobreziari aurre egiteko, eskualdeko energia planak bultzatzeko eta Gipuzkoako eskualdeetan energia eredu jasangarria sustatzeko balia dezan.

Ingurumen diputatuak azaldu duenez, autokontsumoan eta energia berriztagarrietan oinarritutako eredu berriak sustatzea "beharrezkoa" da Gipuzkoaren hazkunde ekonomikoa bultzatzeko eta industria lehiakorra izaten jarraitzeko. Hark, gainera, "elkarlanaren eta helburu partekatuen balioa" azpimarratu du. "Eragile eta erakunde guztiak lerrokatuta egoteko unea da, eta hainbat erreminta aktibatzen ari da Foru Aldundia, industriaren deskarbonizazioa sustatzeko eta etorkizunean enpresen lehiakortasuna bermatzeko".