Fiteroko Uztai Txapelketa irabazita ekin dio Xabi Iturraldek Uztaien Ligako denboraldiari

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 17a, 11:04
Xabi Iturralde eta Ander Lizarralde, Fiteroko Tapelketaren sari banaketan. (D. Lopez Aleman)

Errekortari azpeitiarra Ander Lizarralderekin batera aritu zen igandeko proban, eta lehen itzulian hirugarren sailkatu ziren arren, finalean nagusi izan ziren. Iturraldek datorren igandean izango du liga barruko hurrengo hitzordua. 

Ezin hobeto hasi du Uztaien Ligako denboraldia Xabi Iturralde errekortari azpeitiarrak; izan ere, joan den asteburuan Fiteroko Uztai Txapelketa irabazi zuen Villabonako Ander Lizarralde errekortariarekin batera, eta 252 punturekin  sailkapenean lehen postuan kokatuta ekin diote 2022ko denboraldiari. 

Martxoaren 13an jokatu zuten Fiteroko Uztai Txapelketa Fiteroko (Nafarroa) zezen plazan, eta, guztira, bederatzi bikote aritu ziren lehian. Lehen fasean, Eulogio Mateo ganadutegiko Ponchera behiari zazpi uztai sartzea lortu zuten Iturraldek eta Lizarraldek, eta hirugarren sailkatu ziren, horrela finalera sailkatuz. Lehen itzulian emaitzarik onenak eskuratu zituzten hiru bikotek jokatu zuten finala, eta Lizarralde eta Iturralde nagusi izan ziren Eulogio Mateo ganadutegiko Ladrona behiari sei uztai sartuta.

Iturraldek azaldu duenez, "uste baino hobeto" aritu ziren finalean, lehen itzulia "erritmo faltarekin eta sentsazio txarrekin" amaitu baitzuten. Sailkapenean lehen postuan doaz, beraz, Iturralde eta Lizarralde. Errekortari azpeitiarrak datorren igandean izango du ligako hurrengo hitzordua, Alagonen (Zaragoza).